Isaias Carrascori omenaldia, bere erailketaren urteurrenean

Miren Arregi Amasorrain 2009ko martxoaren 7a

Gaur, martxoaren 7a, urtea bete da ETAk tiroz Arrasateko Alderdi Sozialistako zinegotzi ohi Isaias Carrasco hil zuela. Urteurrenean, eraildako zinegotzi ohia omendu dute haren senitarteko, lagun, eta alderdikideek. Navas de Tolosa kalea izan da omenaldiaren lekuko, hain justu, Isaias Carrasco tirokatu zuten tokia eta haren bizitokia zena. Eguerdiko hamabietan, eta euripean egin diote lore eskaintza Carrascori, eta erahildako zinegotzi ohiaren alaba Sandra Carrascok omenaldia bere aitari eskainitakoa ez ezik, terrorismoaren biktima guztiei eskainitakoa dela adierazi du.

Carrascoren emazte, seme-alaba, arreba, eta gainontzeko senitartekoek, Alderdi Sozialistako euskal exekutibako kideak eta Arrasateko zinegotziak izan dituzte lagun. Oinez egin dute Navas de Tolosa kalean barrena aurrera, lora sortak eta arrosak eskuetan, iaz data berdinean Carrasco hil zuten tokiraino bertaraino. Han, lurrean, hunkiturik eta negar malko artean, lora sortak eta arrosak eskaini dizkiote Isaias Carrascori.

Politikariek ere bat

Aurpegi ezagun ugari hurbildu da gaur eguerdian Arrasatera, hala nola Arrasateko PSEko, EAJko eta PPko zinegotziak. Baina, horiei, PSEko Euskal exekutibako kideek kendu dizkiete protagonismoa. Hala nola, Patxi Lopez, Manuel Huertas, Migel Buen, Rafaela Romero, Elvira Kortajarena, Charli Prieto, edota Eduardo Madina, izan dira omenaldian. Gainera, ETAk azken atentatuan hil zuen Iñaxio Uriaren senitartekoak ere izan dira Carrascoren familia laguntzen.

Lore eskaintzaren ostean, Patxi Lopezek, PSEko idazkari orokorrak, eta Carrascoren alaba nagusienak hartu dute hitza.  Lopezek esan du Carrascoren "delitu bakarra askatasuna eta sozialisten ideiak defendatzea" izan zela. Gaineratu du hura hil zutenak inoiz baino ahulago daudela eta isilarazi gura izan dituzten sozialistak eta demokratak inoiz baino indartsuago: "Esango nuke, joan den igandeko hauteskundeak horren adierazle garbia direla".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak