Irabazteko aukerak izan arren, puntuak banatu zituzten Mojategin

Mireia Bikuña 2008ko ots. 17a, 14:52

Trintxerperen gola zazpigarren minutuan egin zuen Perezek korner erdiraketa bat aprobetxatuz. Mondrak berdinketa 70. minutuan lortu zuen. Hain zuzen, Muruak motzean atera zuen kornerra eta Lopezen erdiraketa ate barrura bidali zuen Julen Herizek. Bigarren zatian, garaipenaren gola egiteko hainbat aukera izan zituzten bi taldeek.

Preferente mailako 22. jardunaldiko partidua jokatu zuten zapatuan Mojategin, Mondrak eta Trintxerpek. Sailkapeneko laugarren tokian dagoen taldeak gauzak oso zail ipini zizkion lehen zatian Igor Gordobilen taldeari.

Trintxerpe, indartsu

Zapatuko partiduko lehenengo zatian Pasaiako taldeak erakutsi zuen sailkapeneko laugarren tokian zergatik dagoen. Joko ikusgarria egin barik, sendotasuna erakutsi zuen eta lehen zatia menderatu zuen. Gainera, berehala hartu zuen aurre markagailuan, zazpigarren minutuan Perezek egindako golari esker.
Abantailarekin, Trintxerpek zelai erdia kontrolatu zuen. Era berean, korner erdiraketetan arriskua sortzen zuen Mondraren atean. Dena dela, etxekoek izan zuten partidua berdintzeko aukerarik atsedenaren aurretik: 30. minutuan Julen Herizek ez zuen azken errematean asmatu, eta 40 minutuan Muruaren jaurtiketa kanpora joan zen.

Bigarrenean, gogo gehiago

Atsedeneko aholkuak entzun ondoren, etxeko jokalariak indar berrituta irten ziren zelaira. "Punturen bat lortzeko gogo gehiago jarri behar genuela ikusi dugu atsedenean eta lortu dugu", esan zigun lehia bukaeran Iban Garai Muxik. Gordobilek bi aldaketa egin zituen atsedenean eta taldeak beste itxura bat eman zuen. Dena dela, berdinketa 70. minutuan egin zuten arrasatearrek. Korner erdiraketa motzean atera zuen Jon Muruak eta Iker Lopezen erdiraketa buruz, ate barrura errematatu zuen Julen Herizek etxekoendako berdinketaren gola egiteko.
Berdinketarekin bi taldeek lehia irabazteko hainbat gol aukera izan zituzten. Hain zuzen, Mondraren  aukera bat oso garbia izan zen: hain justu ere, 85. minutuan Muruak jokaldi pertsonala egin ondoren, baloia zutoinera bota zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak