Lehenengoz antolatzen diren ekimenek ez dute arrakasta bermatzen. Aitzindari direnak arriskatu behar izaten dira, eta beti ez dira gauzak nahi moduan ateratzen. Hori da Ibai-Arteren argazki lehiaketari gertatu zaiona.
Arrasateko merkataritza eta zerbitzuen argazki ederrak lortzea gura zuten, urte amaieran egutegi bat egiteko. Bada, egutegia ateratzeko asmoa dute oraindik, baina ez da lehiaketara aurkeztu diren argazkiekin izango. Izan ere, kantitate zein kalitate aldetik espero baino erantzun eskasagoa izan du argazki lehiaketak. Epaimahaikoen iritziz, argazkiek ez diote lehiaketaren gaiari heldu, hots, ez dute herriko merkataritza eta zerbitzuak eskatu moduan islatu. Eta gaira hurbildu diren argazkiak ez dute kalitate nahikoa, euren ustez. Kopuru aldetik ere argazki gutxi jaso dituzte.
Erakusketa, bertan behera
Erakusketa zabaltzeko asmoa zuten Harresi aretoan, eta erakusketa bera ere bertan behera uztea erabaki dute. Datorren urtean, printzipioz, berriro antolatuko dute, baina oraindik ez dute pentsatu nola planteatu.
16 argazki, besterik ez
Ibai-Arteren lehen argazki lehiaketak nahiko parte-hartze txikia izan du. 16 argazki jaso dituzte; Arrasateko merkataritza eta zerbitzu elkarteak espero baino gutxiago.
Irabazlerik ezean, publikoarendako sariak
Ibai-Arteko zuzendaritza batzordeko kide batek eta elkarteko bazkide diren argazkilaritzako hiru profesionalek osatu dute epaimahaia. Saria hutsik uztea erabaki dute. Lehenengoarendako 500 euro, bigarrenarendako 300 eta hirugarrenarendako 200 euro banatu behar ziren Ibai-Arteko saltokietan gastatzeko. Bada, ez dago saririk.
Irabazlerik ezean, publikoarendako sariak banatu dira, webgunearen bitartez argazkiak bozkatu dituztenendako. Hauexek dira zozketa bidez aukeratu dituzten arrasatearrak: Aitor Sasiain, Susana Vazquez eta Leocadia Romero. 100 euroko erosketa txartel bana irabazi dute.