Gaztetxeko urteurren jaia egingo da

Maider Arregi 2007ko api. 3a, 20:21
'Ipurzuluen bizirik' da Gaztetxeko urteurrenaren lelo kritikoa. Mendi irteera, pilota txapelketa, berbaldiak, kontzertuak eta udaberri jaia egingo dituzte. Gaztetxeko Trikili-Trakala fantzinearen jaia ere egingo dute, eta zenbaki berezia kaleratuko dute. Hona hemen prestatutako egitarau zabala.

Arrasateko gaztetxeak 11+5 urteurrena ospatuko du, Ipurzuluen bizirik lelopean. Ostiralean, apirilak 6an, hasiko dituzte ekitaldiak eta hilaren 28ra bitartean iraungo du egitarauak.
AGAKOko (gazte batzarra) kideek jakinarazi digute Udalak gaztetxea baztertuta dagoen zulo baten jarri zuela; horregatik lelo hori jarri diotela urteurrenari.

Trikili-trakala jaia

Ostegunean, apirilaren 6an,  Last Rebels, Aggressive Combat eta The 5 Twisters arrasatearrek, eta Skarmento galiziarrek egingo dute kontzertua 22:30ean.  Horren ostean Aste Santuko oporretan, etenaldia egingo dute, baina hilaren 13an murala egiteko batuko dira.

Hala, biharamunean, hilaren 14an, Trikili-Trakala jaia egingo dute. AGAKOk kaleratzen duen fantzinea da, eta hilabetekariak urtebete egin ditu. Hala, hori ospatzeko, ale berezia kaleratuko dute. Horren egileek jakinarazi digute, fantzinea elkarrizketez josita etorriko dela, "orain arte ez bezala". Zenbaki bakoitzeko 100 bat ale kaleratzen dituzte;
oraingoarena, berriz, 200 bat.

Fantzineak oso harrera ona du, eta gero eta jende gehiagok idatzi eta laguntzen du. "Herriko hainbat gauza eta ohiturei kritika egiten saiatzen gara, eta oso pozik gaude arrasatearren artean lortu duen harrerarekin". Horrekin batera, gogoratu zuten trikili-trakala@gaztesarea.net e-postaren bitartez edonor eurekin harremanetan jar daitekeela.

Fantzinearen jaian, apirilaren 14an, larunbatean,   Never Surrender talde arrasatearrak kontzertua egingo du. Iganderako, berriz, musika inprobisazioa egiteko deialdia egin dute.
Bestalde, hilaren 17an, 18an, 24an eta 25ean, film emanaldiak egingo dituzte 18:00etan. Oraindik ez dizkigute filmen izenak jakinarazi, baina badakigu film laburrak ere tartean izango direla.
Kirola ere egingo dute gaztetxekoek. Hala, hilaren 20an pilota txapelketa egingo dute Zaldibarren. Horretarako, hilaren 18a aurretik izena eman beharko dute Iratin, Bionan, Ekaitzen edo gaztetxean. Hilaren 22an, berriz, mendi irteera egingo dute. 09:30ean egin dute hitzordua, eta 14:00etan bueltan izango dira Herriko Plazan picnica egin eta "kalea berreskuratzeko".

Hainbat berbaldi

Bestalde, hilaren 14an Panamako Kuna Yala herri indigena berbagai izango dute; eta 27an, Enrike Lopez euskal desobedientziaren gainean arituko da. Horrez gain, hilaren 21ean, Euskal Herria Zuzenean lehiaketako finalerdia egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak