Ipuin kontaketa saioa Kulturaten

Goiatz Arana Begiristain 2008ko api. 2a, 18:21
Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur, apirilak 2, eta, horrekin lotuta, egitarau zabala prestatu du Udalak egunotarako. Atzo, martitzena, egindako ipuin kontaketa saioa da horietako bat.

Arrasateko Kulturaten izan zen Lur korta ipuin kontalaria, bost urteko herriko neska-mutiko talde batekin. Liburutegia erakutsi, ze liburu mota dauden azaldu, apaletik bat hartu eta ‘Nenet txiki’ren istorioa kontatu zien.

Lur Kortak hainbat bitarteko erabili zituen haurren arreta bereganatzeko: Olentzerok ekarritako galtzerdi bat atera zuen maleta batetik; eta umeek galtzerdian eskua sartu eta puxikak atera zituzten, puztu eta leherrarazi ostean, aireratutako asmakizunei erantzuteko. Halako taktikak beharrezkoak direla kontatu zigun Kortak.

Etxeko txikiei zuzendutako ipuinei dagokienean, esan zuen testu gutxi eta argazki asko izan behar dituela; liburuak irudi eta formekin jokatu behar duela neska-mutikoak bereganatzeko. Baikor agertu zen gaztetxoen artean irakur-zaletasuna badagoela esanez. Edonola ere, etxean bertan eredua izatea komenigarria dela gaineratu zuen.

Ekintza gehiago

Kulturaten egindako moduko ekintzek ere laguntzen dute, noski, eta, horregatik, gehiago ere antolatu dituzte:

- Apirilak 1, 3 eta 8: Lur Korta ipuin kontalaria, Kulturateko Haur Bibliotekan, goizean zehar.

- Apirilak 2: Ipuin Lapurra antzezlana, 5 urtetik gorakoentzat, Kulturateko Aretoa Nagusian, 18:00etan.

Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna

Urtero antolatzen du IBBY Haur Liburuaren Nazioarteko Erakundeak, Hans Christian Andersen idazle daniarraren jaiotza gogora ekartzeko; aurrentzako idatzitako ipuinengatik egin zen ezagun. Berak idatzitakoa da, esaterako, Ahate itsusia liburu ezaguna.

IBBY erakundeko kide diren herrialdeetako bat arduratzen da aldiro kartel iragarlea argitaratu eta mundu osoko haurrei zuzendutako mezua idazteaz, eta Tailandiak hartu du bere gain ardura hori aurten, herrialde horretako Chakrabhand Posayakrit artistaren kartela eta mezua aukeratuz.

Testuan aipatzen diren jatakak Budaren aurreko bizitzetako pasarteak kontatzen dituzten istorioak dira, tradizio budistaren arabera. Testuaren itzulpena Galtzagorri elkarteak egina da:

“Irakurketaren bidez jakintza bilatzeak lehentasunezko tratua jaso behar du eta haurtzarotik sustatu behar den zerbait behar du izan. Nire ustez, haur thailandiarrei, betidanik irakatsi zaie irakurketaren bitartez ezagutzeko desioa, eta irakurketa hau kultura eta tradizio batean oinarritu izan da. Gurasoak dira beraien lehenengo irakasleak, eta klerikoak, aholkulari nagusiak. Beraiek gidatu eta hezi dituzte haur txikienak bai intelektualki bai mentalki, hala munduko gaietan nola gai espiritualetan. Horrela, koadro hau sortzeko, Thailandiako arbasoen ohituretan aurkitu nuen inspirazioa: haurrak hezteko ipuinak kontatzea, horretarako palmondo hostoetan idatziriko inskripzioak irakurraraziz. Palmondo hosto hauek, ondoren, esklusiboki gainean irakurri ahal izateko diseinatuta zeuden mahai txiki tolesgarri batzuetan ipintzen ziren. Palmondo hostoetan idatzitako istorioek, orokorki, Budismoan izaten dute jatorria. Budaren bizitzaz eta jataken istorioez mintzatu ohi dira, gazteen buruak jantzi eta beraiengan fedea, irudimena eta moraltasun zentzua sorrarazteko asmo zintzoarekin”.

Chakrabhand Posayakrit



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak