Instalazioak handitzeko zorua doan eman dio Udalak Ospitaleari

Jon Berezibar 2007ko urriaren 8a

Eskualdeko ospitalea handitzeko aurrerapausua eman zuen udalbatzarrak joandako egueneko osoko bilkuran. Udalaren, Osakidetzaren eta Jaurlaritzaren artean hitzarmena sinatu dute ospitale ondoko lur zati bat kudeatzeko. Udalak doan eman dio orubea ospitaleari.

Osakidetzak planteaturiko Eskualdeko Ospitalea handitzeko proiektua gauzatzeko 2.370 metro koadro behar dituzte eta beharrezko zaien lurraren jabetza Udalarena da. Hala, eguenen erabaki zuten doan lagako zutela orubea Euskualdeko Ospitaleak han eraikin berria egiteko.


Anbulatorioaren atzeko aldean egingo dute eraikin hori eta gaur egun ospitalean dauden zerbitzuk hara eroango dituzte. Horrez gain, gaur egungo ospitaleko atzeko aldea bota egingo dute eta eraikin berria ere egingo dute han.

Eztabaida politikoa

Lur saila baldintzarik gabe doan lagatzeak eztabaida politikoa eragin zuen egueneko osokoan. PPko bozeramaile Itziar Lamarainek proposatu zuen puntua bertan behera utzi eta sakonago aztertzea. Lamarainek argi  gura zuen, besteren artean, noizbait Osakidetzak zerbitzua emateari utziko balio lurrak Udalari itzuliko dizkiola. Ino Galparsoro alkateak Lamarainen hausnarketarekin bat egin zuen baina gehitu zuen komeni zela hitzarmena lehenbailehen gauzatzea, presazko proiektua delako. Bozketa egin zuten hala eta onartu egin zuten erabakia PPren aurkako botoarekin eta Aralarren abstentzioarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak