Ino Galparsororen aurreneko osoko bilkura da gaur

Ubane Madera 2008ko ira. 18a, 15:08
Arrasaten gaurko eguneko hitzordua Udaletxean dago duda barik, izan ere, osoko bilkura berezia egingo dute gaur, 19:00etan hasita. Aurreikuspenen arabera, jendetsua izango da, batetik, kartzelatik atera ostean, atzera ere udalbatzarrak Ino Galparsoro izango duelako gidari, alkate lanetan. Eta bestetik pasilloetako zurrumurruen arabera, Espainiako hainbat komunikabidek osokora etortzeko asmoa dutelako. Azken urte honetan Arrasaten izan diren hainbat osoko ikusita, beraz, jendetsua izango da gaurko batzarra, eta akaso istilutsua ere bai.

Osokoan landuko dituzten gaiei dagokienez, gainera, azken egunotan albiste izan den ANVren ilegalizazioarekin lotura zuzena duten bi puntu landu behar dituzte zinegotziek. Izan ere, Eusko Abertzale Ekintza desegin eta Talde Mistoa sortzeko udalbatzarrak joan den maiatzean hartu zuen erabakiarekin dute zerikusia.

Batetik, Talde Mistoa sortzearen erabaki hori jendaurrean izan zenean, alderdi sozialistak alegazioak aurkeztu zituen, kontra. Bada, gaurko batzarrean haiei erantzun egingo diete. Horrekin batera, Talde Mistoa sortzearen gaineko erabakia behin betiko onartzea proposatuko dute.

Bestetik, Talde Mistoaren sorrera dela-eta Estatuko Abokatuak erabaki hura ez aplikatzeko eskaera egin zuen; bada hari erantzuten dion Udalaren dekretua jakinaraziko dute.

Dena den, gogoan izan beharra dago gai horren harira, Estatuko Abokatuak errekurtsoa ipinita daukala erabaki horren kontra. Espainiako Estatuko Abokatuak eman duen arrazoia izan da Talde Mistora pasatzea aurreikusita zegoen eta orain gauzatu egin den Eusko Abertzale Ekintza alderdiaren ilegalizazioa saihesteko modu bat besterik ez dela.

Joan den maiatzaren 21ean disolbatu zuten Eusko Abertzale Ekintzaren taldea Arrasateko Udalean. Maiatzaren 29an egindako osoko bilkuran, berriz, Eusko Abertzale Ekintzako  zinegotziak Talde Mistora pasatzea onartu zuten udal gobernuko kideen, EAJren, Aralarren, EAren eta EB-Zutik koalizioko zinegotzien aldeko botoekin eta PSE-EEren eta PPren kontrako botoekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak