Ino Galparsororen aldeko 4.417 sinadura oraingoz

Iker Barandiaran 2008ko uzt. 22a, 21:30
Ino Udaletxera Ekimenak oraingoz 4.417 sinadura jaso ditu Arrasateko alkate Ino Galparsoro askatu dezaten eta udaletxera lanera buelta dadin. Ekimenaren bultzatzaileek oso balorazio positiboa egin dute sinadura kopuruagatik eta sinatu dutenen ideologia aniztasunagatik. Sinadurak hainbat erakundetara bidaliko dituzte, eta irailean ekimenekin jarraituko dute.

Ino Galparsoro alkateak espetxean 83 egun darama, eta bere alde sortutako Ekimenak alkatea askatzeko eta udaletxera itzultzeko ekainean abiarazitako sinadura kanpainak oso harrera ona izan du. Hala jakinarazi dute Ino Udaletxera Ekimeneko hainbat kidek. Oraingoz 4.417 sinadura batu dituzte, eta oso balorazio positiboa egin dute. Sinadura kopurua eta sinatu dutenen ideologia aniztasuna nabarmendu dituzte.

 

Sindikatuen laguntza

Sinadurak jasotzeko Arrasateko auzoetan eta erdialdean mahaiak jarri dituzte egunero, eta horrez gain, enpresetan ere ibili dira sinadurak biltzen, sindikatuen laguntzarekin. Hala, azaldu dute laguntza eskaera sindikatu guztiei egin zietela eta erantzun ona izan dutela. Hain zuzen ere, honako hauek eskaini dute laguntza: ELA, LAB, CCOO eta ESK-k.

 

Sinadurak erakundeetara

Sinadurak jasotzen jarraituko duten arren, dagoeneko erabaki dute sinadura horiei zer erabilpen emango dieten. Hain zuzen ere, auzitegietara eta beste erakunde batzuetara zabalduko dituzte: Espainiako Estatuko instantzia judizialetara, Jaurlaritzako Justizia Sailera, Arartekora eta Europako Giza Eskubideen Batzordera eta baita Europako Parlamentuan Euskal Herriko Gatazkaren Jarraipen Batzordera.

Ino Galparsororen egoeraren gainean ere berba egin dute. Azaldu dute mendeku baten jomuga dela eta espetxean izatea bidegabekeria dela, baina alkatea indartsu dagoela. Are gehiago, esan dute alkatea esker onarekin dagoela herrian abiarazitako ekimenarekin eta herritarrek eman dioten erantzunarekin.

Irailean ekimen gehiago

Ekimeneko kideek onartu dute udan gauza asko gelditu egiten direla, baina dagoeneko hasi direla prestatzen irailean zer dinamika abiarazi. Ez dute gauza zehatzik aurreratu gura izan, baina Arrasateko elkarte eta herritarrei deia egingo diete. Euren hitzetan irailean herriko elkarte eta alderdiei eskatuko diete hainbat pauso emateko; eta horrez gain, herritarrek ere izango dute esku hartzeko aukera.

Bestalde, Ino Udaletxera Ekimenetik herritarrei eskatu diete udan lantxo bat egiteko. Hain zuzen ere, Ino alkateari espetxera idazteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak