Ino Galparsoro gogor eta indartsu dagoela adierazi digu haren alabak

Txomin Madina Milikua 2008ko mai. 5a, 19:08
Pasa den eguaztenean sartu zuten Ino Galparsoro Arrasateko alkatea kartzelan, eta atzo jaso zuen senideen bisita Soto del Realgo espetxean. Bere alabak adierazi digunez, gertatutakoari zentzua bilatzea zaila den arren, indartsu dago Galparsoro.

Momentuz, behintzat, Ino Galparsoro Arrasateko alkateak Madrilen dagoen Soto del Realgo kartzelan jarraitzen du, moduluetara pasa aurreko gunean. Horixe kontatu digu Galparsororen alabak.

Adierazi digunez, pasa den asteazkenean Madrilera joan aurretik zalantza txikiren bat bazuten ere, ia pentsatu ere ez zuten egin ama atxilotu eta kartzelaratu egingo zutenik, PSE eta EAJren mozioa aurkeztu eta baztertu zenean gauzak baretu egingo zirela uste baitzuten.

Eguaztenean 10:00etan deklaratzera sartu eta eguenean sarrerako deia egin zutenetik ez dute berarekin egoteko aukerarik izan. Eguaztenean bertan, gaueko 00:00ak arte Auzitegi Nazionaleko ziegetan egon zen, eta goizaldeko 2:00etan eraman zuten Soto del Realera.


Esan bezala, atzo bertan egon ziren senideak Galparsororekin. Alabak esan digunez, eta gertatutakoak eurentzat zentzurik izan ez arren gogor eta indartsu ikusi du ama. Gaineratu du euren ustez atxiloketa eta kartzelaratze hau oso pertsonalizatua dela.

Etorkizunera begira jarrita, alabak adierazi du ez dakitela zer gertatuko den, eta gaineratu du eurekin ari direla zehazten orain arte jorratu gabeko prozesu judizialak. Esan digu beste espetxe batera eramaten ez badute behintzat aste honetan bertan espero dutela Galparsoro moduluetara pasatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak