Informazioa SMS bidez jasotzeko gonbita egin du Gazte Bulegoak

Mirian Biteri 2010ko mar. 1a, 10:48
Gazte bulegoak eskaintzen duen SMS zerbitzuan harpidetza egiteko gonbita egin dute. Horren harira, jakinarazi dute bulegoak gertatzen dituen ikastaroen zerrendan dagoeneko 50 harpidedun dituztela.

Arrasate Irratiari emandako elkarrizketa batean, hango teknikari Dorleta Kortazarrek gogorarazi du "doako"  zerbitzua izateaz gain,  modu errazean ere funtzionatzen duela: "Internet bidez eskaintzen dugun zerbitzua da; esan beharra dago, oso sistema erraza, azkarra eta eskuragarria dela. Posta elektronikoz mezua bidaltzen dugunean, gazteak ibili behar dira posta horretara sartzen; SMS bidez, aldiz, zuzenean iristen da informazioa".

Gazte teknikariak zerbitzu horretan izena emateko egin beharrekoa azaldu du. Interesa duenak gazte bulegoarekin jarri behar da kontaktuan eta jakinarazi behar du horretan izena eman gura duela. Telefono zenbakia eman beharko du eta bulegoak interesgarria izan daitekeen informazioa jasotzean, eskaera egin duenari bidaliko dio, SMS bidez, horren gaineko mezua.

Kortazarren esanetan, "esaterako, aurretik eskatutako triptiko bat iristen denean hori jakinarazteko mezua bidaltzen dugu, baita udalekuetarako deialdiak iristen direnean edo ikastaroak gertu daudenean".

Informazio orokorra

Hori Arrasateri buruzko gaiei dagokionez. Bada, bestelako informazio orokorragoa ere jaso ahal dela aipatu du teknikariak, hala nola, Gaztemaniak sarrerak, dirulaguntza orokorren deialdiak edo urtean zehar gertatzen diren askotariko lehiaketak.

Jendearengana heltzea

Kortazarrek zerbitzu horren ibilbide "isila" gogorarazi du: "Hasi ginen orain dela bi urte proba pilotu baten bidez, eta horri difusio larregi egin barik ekimen horrekin bagabiltza poliki-poliki jendearengana heltzen. Dena dela, horren gaineko kanpaina egin beharko dugula pentsatzen ari gara. Gure egitekoen zerrenda luze horretan sartuta zeregin dago hori".

Udarako begiraleak

Bestalde, Kortazarrek aipatu du dagoeneko hasi direla udarako begiraleak kontratatzeko deialdiak jasotzen. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Bertso Udalekuak 2010 kanpainarako, begira, zuzendari eta sukaldariak behar ditu. Martxoaren 13an amaitzen da horretan izena emateko epea.

Gazte bulegoko teknikariak, azkenik, aipatu du, bihar, martitzena, Diputazioak aurtengo udalekuen kanpaina aurkeztuko duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak