Jaurlaritzaren Etxebizitza sailaren Visesaren bidez sustatutako eraikinean dago kokatuta ASPACEren Udalaitz zentroa, Debagoieneko ospitalaren inguruan, eta Arrasate Udala izan da Aspaceri lurraren lagapena egin diona. Azpiegituren finantziazioa aldiz, Foru Aldundiaren eta Kutxaren Gizarte Ekintzaren bidez egin da, denera, milioi t'erdi euro pasatxoko kostuarekin.
1500 metro koadro ditu gaur inauguratu duten ASPACEren Udalaitz zentroak, eta bi erabilera: batetik, Debagoieneko eta Debabarrenko 26 lagunentzako eguneko zentro da, eta bestetik, 20 bat lagun bizi ahal izateko egoitza.
Inaugurazio ekitaldia
Azarotik martxan dagoen arren, gaur bertan inaugurazio ofiziala egin dute, eta bertan egon dira erabiltzaileen eta euren senitarteko eta gertukoetaz gain, zentro hau ahalbideratu duten erakundeetako ordezkariak, baita Debagoieneko hainbat Udaletakoak ere. Ino Galparsoro Arrasateko alkatearen hitzetan, zentruaren kokapena egokia da herriko eta ibarreko erabiltzaileen beharrei erantzuteko, eta ASPACEren lana goraipatu du.
Maite Etxaniz Aldundiko Gizarte Politikako foru diputatuaren esanetan, ezin hobeto erantzuten die zentroaren baliabideek erabiltzaileen beharrei, eta Javier Madrazo Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren hitzetan, etxebizitza babestua izateaz gain, babeslea ere bada, non erabiltzaileek euren bizitza garatzeko eta bizi kalitatea hobetzeko aukera izango duten..
Erabiltzaileek eurek ere hartu dute hitza inaugurazio ekitaldian. Inma Crodobilla Arrasateko ASPACEren delegatuak azaldu du Udalaitz zentroan euren ohiko jarduerak eta terapiak jarraitzeaz gain, kudeaketa lanak ere egiten dituztela.