Inauguratu dute Etxaluze

Goiena 2010ko eka. 24a, 19:38
Gaur ireki ditu lehen aldiz ateak, behin behinekoz, Arrasateko Etxaluze eraikin berriak. Bertan San Andresko alkatetza egongo da, baina zatirik handiena, Abaroa erretiratuen elkartearentzat izango da; bertako ordezkariak oso gustura agertu dira azken emaitzarekin.

Ino Galparsoro alkatea, hainbat alderdi politikotako zinegotziak, etorkizuneko erabiltzaileak eta baita proiektuaren arkitektoak. Horiek guztiak elkartu dira goizean Etxaluze eraikinaren inaugurazio ekitaldian.

Hiru solairu

Espaziotsua eta argitasun handikoa. Horrelaxe deskribatu daiteke kanpotik behintzat itxura deigarria duen eraikina. Beirateei esker elkarrekin konektatutako hiru solairu ditu denera: goian, San Andresko alkatetza egongo da, eta lehenengo bi solairuak, Abaroa erretiratuen elkartekoentzat izango dira. Bulegoak, bilera gelak, ileapaindegia, kafetegi zabala...

Jose Riviere Abaroako presidentearen esanetan, erdigunetik urrunago egotean eta bertara
pasatzeko errepidea igaro beharra izatean, bazkideek kontuz ibili beharko dute, baina gaineratu du, beharra izanez gero, eskatuko dituztela segurtasun elementu gehiago.

Biark Studio Arrasateko arkitekto etxeak egin du eraikina, eta punta puntako elementuak erabili dituzte: fatxada aireztatua du, eta estalkia geruza bikoitzekoa da, erdian aire kamara batekin.

Uztailean irekiko dute behin betirako

Gaur inauguratu arren, berriz ere itxi ditu ateak Etxaluzek, eta asmoa da uztaila erdi inguruan egotea behin betiko zabalik. Ateak itxi aurretik baina, bertan egin dute goizean, jaietako egitarauaren barruan, 80 urtetik gora duten arrasatearrei urtero egiten zaien
omenaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak