Erregional preferente mailara igo berri den Mondrako bigarren taldeak nahiko ondo hasi zuen denboraldia, laugarren jardunaldira arte ez zuen partidurik galdu. Baina etxean jokatutako azken bi jardunaldietan 0-1eko emaitza lortu dute Lagun Onak eta Euskaldunaren aurka; bi porrot jarraian.
Hala ere, entrenatzaile aldaketa ez dute azken bi jardunaldietako emaitza kaskarrek eragin. Fernando Urangak "arrazoi pertsonalengatik" utzi behar izan du taldea eta haren lekua Imanol Bolinagak hartuko du; atzo gidatu zuen lehen entrenamendua. Taldea jokalari aldetik oso eskas dabil –lehen taldea motza izateak eta lesioek bigarren taldeko zenbait jokalari lehen taldera igotzea eragin dute– baina Bolinagaren mutilek egoera zailari aurre egin eta entrenatzaile berriarekin lehen garaipena erdiestea bilatuko dute gaur Lazkaon. Arrasatearrek eta lazkaotarrek Arizti handi futbol zelaian neurtuko dituzte indarrak, 15:30ean.