Ilegalizazioengatik protestan

Goiena 2008ko ots. 11a, 17:46
Arrasaten, egubakoitz gauetik zapatu eguerdira arte itxialdia egin zuten 40 bat lagunek udaletxean. EAEren eta EHAKren jarduera etetearen kontrako protesta ekitaldia izan zen.

Eta horren ostean, Herriko Plazan prentsaurrekoa egin zuten. Oihana Aranburu alkateordeak gogora ekarri zuen Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen erabakiak honako ondorioak ekarriko dizkiola Eusko Abertzale Ekintzari:

 

Ondorioak

 

Jardueren etetea hiru urtez; ezin dute hauteskundeetan parte hartu; ezin dute propaganda edo publizitaterik egin; euren egoitzak itxi egingo dituzte; ezin dituzte egin agerpen publiko ezta pribaturik ere; ezin dituzte manifestazioak, kale agerraldi eta halakorik deitu; diru iturri, ondasun, kontu eta abarren bahitura eta webguneak edo Interneten dituzten bestelako baliabideak itxi egingo dizkiete.

 

 

EAJ PSOEren "konplize"

 

Oihana Aranburuk PSOE eta EAJ egin zituen horren erantzule eta hauteskunde giroan kokatu zituen ilegalizazioak: "Urradura edo aurretik aipatzen diren debeku guzti hauek PSOEren erabaki politikoa dira dudarik gabe, nahiz eta epaileek mozorro juridikoa jarri nahi izan dioten. Hauteskundeen atarian PSOEk independentismoa jokaleku politikotik atera nahi du, horretarako erabili du alderdi politikoen legea eta bere salbuespen legedi guztia". Zera ere gaineratu zuen Aranburuk: "Ezin da aipatu gabe utzi PSOEren ezinbesteko konplize den Eusko Alderdi Jeltzalea, salbuespen egoera honetaz baliatuko baita etekin politiko-ekonomikoa ateratzeko".

 

 

Hauteskundeetan egoteko konpromisoa

 

Edozelan ere, zapatuko prentsaurrekoan atzera ere berretsi zuten martxoko hauteskundeetan  parte hartzeko asmoa: "Suspentsio honek agerian uzten dituen zirrikituak aprobetxatuko ditugu gure hautesleekin eta oro har herriarekin hartutako konpromezua aurrera eramateko", adierazi zuen Aranburuk. Halaber, "datozen egunotan egingo diren deialdietan parte hartzera" animatu zituzten herritarrak.

 

Arrasateko protestak ekitaldiaz gainera, gure ibarrean beste batzuk ere izan ziren. Hala, Eskoriatzan kale agerraldia egin zuten, Bergaran manifestazioa eta besteak beste, Oñatin batzar informatiboa.

 

 

Greba orokorra

Hori asteburuari dagokionez; baina oraingo asteari begira protesta ekitaldiek jarraitu egingo dute, izan ere, eguenerako greba orokorra deitu dute.

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak