Ikusle gutxi, baina izerdi faltarik ez

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko urr. 12a, 00:52
Overdose TV talde frantziarrak, Arrasateko Material Rechazadok eta Alemaniako SS Kaliert taldeak kontzertua eskaini zuten zapatuan Hiru aretoan. Ikusle gutxi gerturatu zen, baina aretoko beroak eta taldeen jarrerak ez zuten giroa hozten utzi.

Rockaren arau sakratuari men eginez, ordubeteko atzerapenarekin hasi ziren kontzertuak. Hiru aretoa hutsik zegoela hasi zen Frantziako Overdose TV taldea. Ordubete inguru iraun zuen emanaldian, punk gogorra eskaini zuten. Euren kantu gehienak ingelesez abestu zituzten, baina baxu jolea Andaluzian jaiotakoa da, eta beraz, gaztelera ere erabiltzen dute euren abestietan. Emanaldiko unerik gorena Eskorburtoren Adios Reina Mia jo zutenean heldu zen. Santurtziko hirukotearen kantu mitikoa euren diskoan sartu du talde frantziarrak. Eta baxu joleak jakinarazi zuenez, denbora dezente zeramaten zuzenean jo barik. Ia ikusle  barik, dena eman zuten; txalotzeko moduko jarrera.

Etxekoak, gaueko onenak
Material Rechazado izan zen taulara igotzen bigarrena. Orduan bildu zen jende gehien Hiru aretoan. Hala ere, ezin da esan kontzertua arrakastatsua izan zenik, ezta gutxiago ere. Ikusle gutxi izan arren, indartsu irten zen seikote arrasatearra. Euren diskoko kantuekin izoztear zegoen giroa berotzea lortu zuten, eta taldearen bereizgarri den Carceles de asfalto abestian hainbat lagun igo ziren agertokira.
Bertsioak, noski, ez ziren falta izan: besteak beste, Bouncing Souls-en True Believers eta Eskorbutoren Maldito pais eta Paz primero la guerra. Nabaritu zen Material Rechazado etxean zegoela, eta jo eta ke aritu ziren ordu eta laurden iraun zuen emanaldian. Gaueko onenak izan ziren, zalantza barik.
SS Kaliert alemaniarrak izan ziren igotzen azkenak. Duela bi urte gaztetxean jo zuten eta aldi hartan moduan, garrasi oldarkorrak eta erritmo azkarrak izan ziren nagusi. Hau da, punka hardcore ukitu nabariekin. Edozelan ere, ziur ez dutela zapatuko emanaldia euren ibilbideko kontzertu onena moduan gogoratuko...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak