Ikuskizuna kaleetan iraileko kultur-programazioan, zirkuarekin

Jon Berezibar 2008ko ira. 2a, 14:39
Udalak dagoeneko gertu dauka kultura eta aisialdian irailari dagokion programazioa. Zirkoa izango dugu nagusi datozen egunetan. Hain zuzen, iraileko egitaraua bitxia bada, zirkuak duen presentziarengatik da hori. Horrekin lotutako hiru ekitaldi egongo dira. Lehena domekan. Munduko zirkurik txikiena delakoa aurkeztuko digute. 'Giramondo' ikuskizuna ekarriko du El Negro y El Flaco taldeak Italiatik. Arratsaldeko 19:30etan herriko plazan egingo dute komedia ikuskizuna. Bi lagun ikusiko ditugu triziklo eta tramankulu ezin bitxiagoetan igota akrobazia eta txorakeriak egiten. Haur zein nagusiendako umore ikuskizuna da. Tarantelak, gizatasunak eta poesiak egiten ei dute bat Giramondon.

Hori oraingo domekan izango da baina zirkuak eta kale antzerkiak bigarren hitzordua datorren domekan izango dute. Locomotivo akrobazia ikuskizunaren txanda izango da orduan. Ekilibrista baten ikuskizuna da. Eta, azkenik, hirugarren domekan klownen ordua izango da, kasu honetan Amaia antzokian. Virginia Imaz klownak Enkantatuta ikuskizuna aurkeztuko du. Loti ederra duen pailazoaren istorioa kontatuko digu, printze urdina agertu eta 700 urte geroago itzartu dena.

Ikuskizunei dagokienez hori. Gainerakoan zinema saioek ere aurrera jarraituko dute. Batetik, oraindik bi saio geratzen zaizkie Monterronen egiten dituzten sesioei: oraingo egubakoitza eta datorrena. Ohiko emanaldiekin, Amaia antzokikoak, hilaren 19an hasiko dira.

Musikari dagokionez, Secret Chiefs 3 delakoak etorriko dira 27an. Izena ez da ezaguna baina gitarra jotzaileak Mr. Bungle eta Faith No More taldeetan jo duela esateko nahikoa aurkezpen da. Hortik atera genezake metal eta gitarra astuneko musika egiten dutela baina hori bakarrik ez, arabiar, hindu eta Asiako musika ere ekarriko dutelako hilaren 27an.

Amaitzeko Kultur Atera joango gara. 12an, datorren egubakoitzean islamari buruzko erakusketa ipiniko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak