Ikusgai Ferreriasen egingo duten plazatxoaren proiektua

Jon Berezibar 2008ko mai. 22a, 14:10
Ferrerias kalean egin gura duten plazatxoaren aurreproiektua jendaurrean dago, Hirigintza Sailean. Ekainaren 2ra arte izango da ikusgai, gura duenak kontsultak egin eta alegazioak aurkezteko. Behin epea bukatuta eta alegazioak behar bezala aztertuta egingo dute behin betiko proiektua. Arrasateko Biark Studio dabil zeregin horretan. Plaza berria Casino elkarte gastronomikoaren orube zaharrean eraiki gura dute. Horretarako, baina, lehenengo bota egin beharko dute han dagoen terraza (Kuku atzeko eraikina). Plazan bertan gainera, etorkizunean udal ekipamenduetarako bi eraikin egin gura dituzte.

Plazak izango ditu 300 m2 inguru, 18 metroko zabalera. Eta aurreproiektuaren arabera, plazaren barruko aldean lau lorontzi handi ipiniko dituzte eta lorontzien azpiko aldean jarleku bana, plazara begira.

    Horrekin batera, plazaren albo bietan (Erdiko kalera begira) harmaila batzuk izango dira. Eta horrez gainera, Erdiko Kale eta Ferrerias kalea lotuko dituen pasabidea ere eraikiko dute, “arrapala baten bitartez lotuko dituzte bi kaleok, 1,30 metroko desnibela gaindituko duena, aldapa oso samurra izango du eta eskaileratxoak tartekatuko dira”; hala azaldu du Olaia Etxenagusiak, Hirigintza teknikariak.

    Materialari dagokionez, harria, harlauzak eta egurra erabiliko dute plazan barruan, azken hori, plazaren bazterretan ipiniko dute, “egur berezia izaten da, kanpoan erabiltzeko tratamenduak emanda izaten duena; Udalak gura du apur bat ausarta izan”, dio udal teknikariak.

    Baina plazak ez du hartuko gaur egun libre dagoen orube guztia. Plaza hori orubearen erdialde inguruan izango da, izan ere, plazaren albo banatan Udalak erosita dauzka orubeak “Udal ekipamenduetarako bi eraikin egin ahal izateko”. Dena den, udal teknikariak gaineratu duen moduan, hori ez da oraingo proiektuan sartzen”.

    Dena den, momentuz Ferreriasko plaza berriaren proiektua besterik ez dute egingo, izan ere, plaza hori eraikitzea ez dago aurreikusita “aurtengo aurrekontuetan; beraz, sartzekotan 2009ko aurrekontuan sartu beharko lukete edo politikariek erabakitzen dutenean. Kontuak kontu, hilabetez jendaurrean izango da, gura duenaren eskura. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak