Ikasturte amaierako jaia, Erguinen

Ubane Madera 2008ko apirilaren 16a

Erguingo gazte txokoan pare bat hilabetean jardun dute gitarraren hastapen ikastaroa egiten, Unai Azkarate bergararraren gidaritzapean (Mahaster River eta Azkaiter Pelox taldeetako musikaria). Gitarra teknikak eta kontzertu bat zela antolatu ikasten ibili dira, hain zuzen. Bada, ikastaroa bukatu dute eta orain ikastaro amaierako jaia iragarri dute, eguenerako, hilaren 17rako.

Ikastaroan ibili diren 12-16 urte bitarteko 10 gazteak gonbidatu dituzte jaira; "Unai Azkaratek berak musika joko du; gonbidatu dugu, baita ere, Ebert Sanchez (kantautore venezuelarra), bestelako lurralde batzuetako musika jo dezan eta Arrasateko Ain 1 nesken musika taldeak ere jardungo du. Horrekin batera, merienda ere egingo dugu", jakinarazi du Lander Juaristik, Gazte Txokoen arduradunak.

Bestalde, hark gaineratu du datorre eguaztenean (apirilaren 23an), hanka-palo ikastaroa egingo dutela Musakolako Gazte Txokoan. Kukumarro elkarteko Mikel Ibartzabal bergararra izango da irakaslea eta12-16 urte bitarteko edozein gaztek parte har dezake, "nahiz eta ez izan Musakolakoa". Izena emateko Txatxilipurdira jo behar da

Bukatzeko, apirilaren 26rako beste ikastaro bat iragarri dute gazteendako: "goma-espuma lantzen ikasteko ikastaroa" izango da, Kukumarro elkarte beraren eskutik. AEDren txokoan egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak