Oro har, eguraldia lagun izan dute Arizmendi Ikastolako ikasle, guraso eta arduradunek Ikastolaren Eguna eta Perretxiko Eguna ospatzeko; izan ere, domeka goizean izan dituzte ospakizun nagusiak, Ferixalekuan, Herriko plazan, gaztetxean eta Kulturaten. Aurten, bi berritasun izan dituzte: batetik, Ikastolaren Eguna eta Perretxiko Eguna biak egun berean ospatzea; eta bestetik, lehenengoz antolatu duten gosari erraldoia.
Adin guztietako ikasleek zein helduek izan dute zerekin gozatu: perretxiko erakustaldia; herri kirolak; Mihiluze; Argitxo maskotaren urtebetetzea; ikasleen emanaldiak; tailerrak; Andaluzia, Galizia, Extremadura eta Euskal Herriko jatekoak; kirolak… Eta primeran erantzun dute denek: Arrasateko ikasleez gain, Aretxabaletako eta Eskoriatzakoak ere hurbildu dira, eta guraso, irakasle eta arduradunak ere inplikatu dira.
Aitor Elizaran antolatzailea pozik azaldu da ospakizunak izandako erantzunarekin, eta eskertu egin du bereziki Arizmendiren Monitoretza Eskolako 90 bat ikaslek egunean zehar egin duten lana.