Guraso, ikasle eta senitartekoak, guztiak bildu dira pankartak eskuan zituztela Mesedeetako Andra Maria ikastetxearen ate aurrean, kongregazioak ixteko hartu duen erabakiaren kontra protesta egiteko.
Pasa den urteko irailean haurtzaindegiko 6 irakasle kaleratu zituztenean geratu zen agerian ikastetxeko egoera ekonomiko kaxkarra. Orduan guraso elkartekoei esan zieten konponbide bila hasiko zirela, baina azken hauek salatzen dutenez, azken hilabeteotan ikastetxeko arduradunek esandakoak ez dituzte bete.
Gurasoek gaizki ikusten dutena arduradunek hilabete hauetan izan duten "sekretismoa" izan da, ez dituztela ezertarako kontutan hartu salatzen dute.
Egun 240 ikasle inguru ditu Mesedeetako Andra Mariak, eta gehienak ikastetxe inguruan dauden Altamira edota Makatzena auzoetan bizi dira. Gertutasun hori da gurasoek ikastetxea irekita mantentzea eskatzeko arrazoietako bat.
Azkenaldian, Arizmendi ikastolarekin egon dira negoziazioetan Mesedeetako Andra Marikoak, baina ez dute akordiorik lortu.
Mesedeetako Andra Maria ikastetxea zuzentzen duen kongregazioak, datorren kurtsoan ikastetxea martxan egongo dela esan die gurasoei, baina 2008an ateak guztiz itxiko dituela. Goiena Telebistatik saiatu gara arduradunekin hitz egiten, baina adierazpenik ez dutela egingo esan digute.