Ikasle Eguna, aldarrikapena eta jaia

Iker Barandiaran 2009ko aza. 8a, 23:55
Egun borobila ospatu zuen atzo Ikasle Abertzaleak Arrasaten. Eguraldi txarrari desafioa eginda, Arrasaten geroa marraztera goaz leloa muturreraino eraman eta kolore eta ekimenez bete zuten herria.

Ekintza gehienak Iturripen egin zituzten arren, eguraldiaren erruz, umeendako jolasak, taloak, erakusketa eta ikasle denda gaztetxera eraman zituzten; hala ere, aterpe ona aurkitu zuten eta asko izan ziren han batutako ume, gazte eta helduak.

 

Euskal hezkuntza sistema

Ordu berdinean, baina, beste askok euskal hezkuntza sistemaren gaineko mahainguruak egin zituzten; eta IAko arduradunen esanetan, oso emankorrak izan ziren eztabaidak.
Eguerdian, baina, atsedena hartu eta Iturripeko pilotalekua bete zuten bazkari erraldoian. Horri jarraitu zioten antzezlanak, Arrasateko hainbat tabernetan barrena egindako ikasleen musika taldeen maratoiak eta batukadak.

Irlandatik eta Kataluniatik

Iluntzean, ehunka lagunek kale agerraldia egin zuten Arrasateko kaleetan; eta horren bukaeran, ekitaldia egin zuten Iturripen jarritako karpan. IAko kideek euskal eskola nazionalaren eta euskal curriculumaren premia aldarrikatu zuten; eta gogor kritikatu zituzten Bologna prozesua, inposatutako jai egunak eta  kartelak jartzeko debekuak, besteak beste. Bitxikeri moduan, gainera, Irlandako eta Kataluniako ikasle sindikatuetako ordezkariek ere esku hartu zuten ekitaldian.

Gauean, rocka eta parranda

Jaiari merezitako bukaera emateko, kontzertuak egin zituzten Iturripeko karpan: Zea Mays Bilboko talde beteranoaren indar eta goxotasun konbinazio eraginkorra; Arrasateko Des-Kontrol taldearen lelo eta mezu itsaskorrak –talde horrek jarri dio musika Ikasle Egunari–; Kataluniako KOP talde gerrillariaren rapeatutako metal-core bortitz eta profesionala; Hernani aldeko Esne Beltza taldearen mestizaia dantzagarria; Beste Bat-en erromeria... Goizaldera arte, parranda.      

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak