Igogailuaren pasabidea ipintzen

Ubane Madera 2009ko ekainaren 30a

Gaur, martitzena, ekarri eta igo dute Ferixaleku-Altamirako igogailu publikoaren pasabidea, igogailua eta Gernika Oinezkoen Zumardia lotuko dituena. Obra horien ondorioz, automobilak txandaka pasatu beharko dira Jose Luis Iñarra kalera bidean eta hori bideratzeko semaforoa ere ipini dute.

Bide onetik doaz Ferixalekua eta Altamira lotuko dituen igogailu publikoaren lanak. Hiru elementu nagusi ditu igogailu horrek: estruktura, pasabidea eta igogailuaren kutxa. Bada, gaur pasabidea ekarri eta ipintzen jardun dute, Jose Luis Iñarra kale inguruan.

Hirigintza Sailetik aditzera emandakoaren arabera, pasabidea ipintzeko obrek iraun bitartean semaforo bitartez bideratuko dute zirkulazioa, txandaka ibili beharko dira-eta, errei bateko zein besteko ibilgailuak.

Kontuak kontu, pasabidea ipinita, estruktura eta igogailuaren kutxa ipintzea besterik ez da falta. Hain justu, estruktura muntatzeko lanak bi aste barru bukatuko dituztela aditzera eman dute Hirigintza Sailetik. Horren ostean hasiko dira igogailuaren kutxa ipintzen.

Bestela esanda, lan guztiak iraila-urrirako bukatuta izatea dute aurreikusita. Amenabar enpresa dabil igogailu publiko hori eraikitzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak