Gaurko hitzorduari dagokionez, udalbatzarrak baditu aurreikusita gai batzuk herritarren interes handia piztu izan dutenak urteotan. Adibidez, Ferixalekuko eta Altamirako igogailu publikoak jartzeko exekuzio proiektua ontzat ematea aztertuko dute.
Merkataritza-gunea
Horrez gainera, Zabaletako merkataritza-gunearen gaia mahai gainean izango dute berriro. Gogoan izango duzuen moduan, joan den uztailean udalbatzarrak onartu zuen behin betirako atzera botatzea Zabaleta gunean merkataritza-gunea ipintzea bideratzen zuen plan berezia.
Bada, erabaki horren kontra errekurtsoa aurkeztu du Txomintxu Inmobiliariak, merkataritza-gunearen egitasmoa bultzatu zuenak. Horrek esan gura du gaia epaitegietara pasatu dela, hain justu, Kontentziosora iritsi da. Orain, beraz, epaile batek erabaki beharko du gai horren gainean.
Udala, epaitegia
Eta epaitegira joan beharko da, baita ere, Arrasateko Udala. Izan ere, Estatuko abokatuak errekurtsoa aurkeztu du Talde Mistoa sortzeko udalbatzarrak hartutako erabakiaren kontra.
Kasu horretan, eta gai beraren harira, Estatuko abokatuak aurkeztu duen bigarren errekurtsoa da hori. Lehenengoa aurkeztu zuen Udalak hartutako behin-behineko akordioaren kontra. Eta orain, berriz, Udalak hartutako behin betiko akordioaren kontrako errekurtsoa da aurkeztu duena. Orain, beraz, gai hori ere epaitegira iritsi da eta Kontentziosoak hartu beharko du azken erabakia.
Garagartzako ortuak
Bestalde, Garagartzako ortu ekologikoak erabiltzeko araudiari hasierako onespena ematea ere aztertuko dute eta Santamas jaiak berbagai izango dituzte, izan ere, gaur sinatuko dute hitzarmena Santamas Komisuiñuarekin.
Bestelako gaien artean, Garaia Berrikuntza Gunearen kapital handitzea onartzea proposatuko dute.
EAJ udal taldeak mozioa aurkeztuko du, pentsioen osagarrien aldeko mozioa, hain justu ere.
Eta Arkaitz Biainek, Talde Mistoko kideak beste mozio bat aurkeztuko du, bigarren hori, udal finantzazioaren gainekoa.
Osoko bilkura publikoa da, beraz, interesa duen edozein herritar joan ahal da. Esandako moduan, 19:00etan hasiko da.