Igogailu publikoak eta beste, gobernuaren batzarrean

Ubane Madera 2008ko urr. 27a, 12:49
Ferixalekuko igogailuak. Horixe da gaur arratsaldean udal gobernuak egingo duen asteroko batzarrean landuko duen gaietako bat. Hain zuzen ere, erabaki beharko du dirulaguntza eskatzea Eusko Jaurlaritzari igogailu horiek eraikitzeko proiektua idatzi eta lanak egiteko. Ferixalekutik Altamirara igotzeko eta Makatzena auzora igotzeko igogailu publikoen gainean gabiltza berbetan.

Aurreko legealditik datorren proiektua da hori. Hainbat arrazoirengatik atzeratzen joan dena. Edozelan ere, igogailu horien gaineko oinarrizko irizpideak erabakita ditu Udalak lehenagotik. Hala, hainbat aldaketaren ostean, Ferixalekuko igogailua aterako da Otalora Lizentziaduna kaletik, Uarkape frontoiaren ondotik.

Gernika oinezkoen pasealekuraino iritsiko da igogailu horren lehen zatia. Eta gero, handik gertu aterako da bigarren zatia, Jose Luis Iñarra kalearen 32. zenbakiraino. Igogailu erabat bertikala izango da eta zortzi lagunendako lekua izango du.

Makatzenakoa

Makatzenako igogailua, berriz, Obenerreka eta Hondarribia kaleen artean aterako da. Aurreneko geralekua izango du frontoian eta bigarrena, berriz, Makatzena kalean bertan. Makatzenako igogailuaren lehen zatia ez da bertikal-bertikala izango, baizik eta etzanda joango da.

Aurrekontu handia dute bi igogailu horiek. Badirudi, beraz, Jaurlaritzaren esku dagoela orain, proiektu horretan aurrerapausoak egitea.

Jose Letona beka

Igogailu horiez gainera, baina, bestelako gaiak ere landuko ditu gaurko udal gobernuak. Adibidez, udalerriko traba arkitektonikoak kentzeko 2008ko proiektua berbagai izango dute. Arrasateko hainbat kaletan asfaltatze lanak egitea ere aztertuko dute eta Bedoña eta Udala auzoetan tximistorratzak jartzeko proposamena ere bai.

Eta beste gairen bat aipatzearren, Kultura Sailak egindako proposamen berria ere aztertuko dute: Jose Letona izeneko beka antolatu eta deitzea.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak