Ibarreko lehenengo paint-ball gunea zaleak hartzeko gertu dago, Bedoñan

Arrasateko Bedoña auzoan, ibarreko lehenengo paint-ball gunea ireki berri dute. Oraindik detailetxoren bat falta du guneak, baina zabaltzeko gertu dagoela esan digute hango arduradunek, Iker Garaik eta neska-lagunak.

Paint-balla orain dela 20 urte jaio zen, Ameriketako Estatu Batuetan, eta gurean, apurka-apurka, badabil sartzen arma joko hori. Oraindik kirol kontsideratzen ez duten joko hori, izadiarekin harremanetan egonda, bi talde edo gehiagok pinturazko tiroak elkarri botatzean datza. Estresa eta adrenalina askatzeko erabiltzen du jende askok denborapasa hori, gaur egun. Lagun taldeak, enpresetatik joandako taldeak, ezkongaien agur-taldeak eta abar izango dira gehien ibiltzen direnak horrelako guneetan. Jokoaren helburu nagusia bandera lortzea da, eta oso gutxitan izaten dute helburu irabaztea parte-hartzaileek.

Segurtasuna

Joko segurua dela esan daiteke, inor gutxi zauritzen da-eta. Tirokatzen diren pintura bolak gelatinazkoak dira, eta segurtasun maskara erabiltzea derrigorrezkoa da, belarriak, begiak eta aurpegia babesteko. Paint-ball guneetan jartzen duten baldintza, hain zuzen ere, segurtasun neurriak errespetatzea eta jolas eremuko erregelak betetzea da.

Erabiltzen den arropa, hasieran, militarra zen; gero, ehizarako erabili izan dutena, eta, gaur egun, diseinu koloretsuak, propio paint-ballerako sortutakoak, erabiltzen dira. Hala ere, jantziekin ez daukagu zertan arduratu, bertan utziko baitizkigute.

Tirokatzen den pintura biodegradagarria da, ez da toxikoa, eta bolak botatzeko aire konprimituko pistola bereziak erabiltzen dira. Tirokatzeko distantzia minimoa bost metrotan jarri da; beraz, ez dute minik egiten.

Adin txikikoak

Adin guztietako jendeak joka dezake paint-ballean. Hala ere,
18 urte baino gutxiago dutenak arduradun batekin joan beharko dira jokatzera. Sarri, gurasoen baimen-orriak eramaten omen dituzte gazteek, baina Arrasatekoan ez da horrelakorik gertatuko; derrigorrean, gutxienez arduradun bat joan beharko da adin txikikoekin.

Urte guztian

Ez dute neguan ixteko asmorik, ezta udan ere. Askoren ustea izan daiteke eguraldiaren araberakoa dela paint-ballaren funtzionamendua, baina ez da horrela gertatzen. Euria, elurra edo eguzkia egin, beti egongo da zabalik. Mendian jokatzen da, aire zabalean, eta, akaso, askorentzat traba izango den arren, badago elurraz ere gozatzen duenik ere. Izan ere, gerra-jokoa izanda, egoera txarrenetan ere gozatu egiten ei da.

Oraindik Bedoñako zelaira inor joan ez den arren, ibili da jendea deika, informazio eske. Fagorreko enpresaburuak ere urduri omen daude. Moda-modan dagoen jokoa da enpresaburuen artean, beraz, Arrasate leku ezin hobea izango da, hainbeste lan eta gero, arrasatear bikote horrek sortu duen gunerako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.