Mondrak gaur bertan adierazi du nork ordezkatuko duen Andoni Azkargorta –Antzuolakoa Eibarrera joango da gazte mailako taldea entrenatzera. Datorren denboraldian arrasatear batek hartuko du talde zuri-morearen gidaritza, Iban Rodriguezek (1981).
Rodriguezek Aretxabaletan eta Realean jokatu zuen futbolean (1998-1999 denboraldian txapeldun Realeko ohorezko mailako taldearekin, eta 1999-2000 denboraldian Superkopako txapeldun). Ondoren hiru urte egin zituen UDAn jokatzen, preferente mailan, eta 2003-2004 denboraldian Aretxabaletako infantil mailako taldea hartu zuen.
Entrenatzaile izateko nazional mailako tituluarekin, aurreko bi denboralditan birritan igo du gazte mailako Aretxabaleta taldea kategoriaz; Euskal ligara lehenengo, eta nazional mailara gero. Aurten, puntako kategorian, bederatzigarren postuan sailkatu du Aretxabaleta.