Iban del Campok 'Dirty Martini' dokumentala Finlandian estreinatu du

Maider Arregi 2009ko ots. 7a, 17:36
Iban del Campo zinemagilea eta Huheziko irakaslea da. Huhezinemako antolatzailea ere bada arrasatearra. Egun hauetan Finlandian dago Helsinki Burlesque zinemaldian. Izan ere, bere azken filma, 'Dirty Martini' izenekoa, barikuan, otsailaren 6an, aurkeztu zuen jendaurrean.

Helsinki Burlesque

Finlandiako Helsinki Burlesque zinemaldi ospetsuak, antzerkia, komedia, musika, entretenimendua, dantza eta ikuskizuna batzen ditu. Dagoeneko aurkeztu du Del Campok bere azken lana. Dirty Martini dokumentalak, 25 minutuko iraupena dauka.
Bertan, Dirty Martiniren bizitza eta istorioa kontatzen du zinemagile arrasatearrak. Pasa den urtean ezagutu zuen filmeko protagonista eta txundituta utzi zuela adierazi du Del Campok.  Dirty Martini, koktel baten izena izateaz gain, Miss Dirty Martini filmeko protagonista ere bada. Gainera, neo-burleskean dabilen emakume ospetsua da.

Esperientzia zineman

Esperientzia handia dauka zinemagile moduan del Campok. Besteak beste, 2003ko Gironako Bideo eta Arte Digitaleko Nazioarteko jaialdiko irabazlea izan zen Un tal Eusebi lanagatik. Film hau hain zuzen ere, 2003an estreinatu zen baina ez da egindako lehena. Bere lehen dokumentala Gas-man (2001) izan zen. Bertan, Bartzelonako Raval auzo xumean bizi den Pakistango familia baten istorioan oinarritzen da Iban del Campo. Izan ere, garai hartan zinemagilea Bartzelonan bizi zen eta ezagutzen zuen bizi zuten errealitatea.
Ondoren, Ixiar Rozasekin egindako dokumentala iritsiko da, Laberinto de mentiras. John Berger, ez-oroimenaren hizkuntzaz hitz egiten duen Londresko idazlea da protagonista.
Iaz, Lo bakarrik lana kaleratu zuen. Zinegilearen lehen fikziozko film laburra da. Lan honetarako gainera gidoia idazteko Harkaitz Canoren laguntza izan du. Musika, berriz, Arrasateko Gose taldearena da. Filmeko protagonista lo hartu ezin duen emakume bat da. Dena probatuko du arazoari irtenbidea emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak