Ibai Artek herri barrua suspertzeko hiru proposamen aurkeztu ditu

Txomin Madina Milikua 2007ko abe. 19a, 18:10
Aprendizen eskola dagoen tokian merkataritzarako eta aisialdirako gunea proposatzen dute, baita Ferixalekuko merkatua eraberritzea eta Amaia zinema zegoen tokian Kafe Antzokia eta zinema egitea ere.

Kaleak bizirik, Arrasatek behar duena esaldia agertzen da Ibai Arte Arrasateko dendarien elkartean egin dituen proposamenak aurkezteko herriko dendetan jarri dituzten karteletan. Elkarteko kideen esanetan, horixe da erakutsi nahi dutena, beste Arrasate bat posible dela, eta helburua, herriko bizitza suspertzea dela adierazi dute.

Adibide gisa, hiru proposamen

Egiten duten proposamenetako bat da, egun hutsik dagoen Aprendizen eskola dagoen tokian, aisialdirako eta merkataritzarako gune bat egitea. Ferixalekuko merkatua eraberritu eta modernizatzea da bigarren proposamena, egun nahiko gordeta eta utzita dagoela uste baitute. Azkenik, Amaia zinema zegoen tokian, aisialdirako esparrua egitea planteatzen dute: Kafe Antzokia edota zinema berri bat. Dena den, argi utzi nahi izan dute, hauek egin daitezkeen ekimenen adibide direla soilik.

Beste toki batzuetako egoera

Merkataritzari dagokionean, egun bi tendentzia daudela adierazi dute Ibai Artetik: bata merkataritza herritik ateratzea, eta bestea, herrira bueltatzea. Alemania, Frantzia edota Erresuma Batua ahotan hartuta, esan dute garai baten herrialde hauetan merkataritza herritik kanpora atera zutela, baina horrek ekarri dituen arazoak ikusita, orain berriz ere herri barrura ekarri nahi dituztela denda eta gainerakoak. Dendarien elkartekoek esan dutenez, ez dute nahi Arrasaten akats hori egiterik.

Ibai Artekoek gaineratu dute, herri barrua suspertzeko ekimenak ugariak izan direla azken urteotan Gipuzkoako zenbait herri eta hiritan, besteak beste, Irun, Eibar edota Donostian, eta Arrasaterako egin duten proposamenak eredu horiek jarraitu nahi dituela esan dute.

Herriko dendarien elkarteak ez du egungo Udalarekin proposamen hauei buruz hitz egiteko aukerarik izan, baina adierazi dute, gustura daudela Udalak herri barrua indartzeko duen jarrerarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak