Hurrengo urtean preferentean jarraituko du Arrasate Xake taldeak

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko mar. 22a, 21:05
Amaitu da Gipuzkoako xake denboraldia, preferente mailan. Arrasateko taldea mailako onena izan arren –taldeko jokalarien nazioarteko sailkapenari dagokionez, behintzat– ezin izan du lehen postuan amaitu, eta beraz, preferente mailan izango da datorren urtean. Azken aurkaketan Donostiako Gros taldearen aurka lehiatu ziren arrasatearrak, berdindu egin zuten (2-2).

Arrasate Xake taldeak ezin izan du miraria lortu. Zapatuan amaitu zen denboraldia eta azken aurkaketan arrasatearrek ezin izan zuten Eibarko taldeak ateratzen zien aldea (3,5 puntu) gainditu.
Arrasatearrek Donostian jokatu zuten denboraldiko azken norgehiagoka, Gros C taldearen kontra. Berdindu egin zuten, hau da, jokoan zeuden lau puntuetatik bi puntu eskuratu zituen talde bakoitzak (2-2). Hala, Eibarrek bere aurkaketa galdu arren (1,5-2,5), Arrasate bigarren geratu da; eta beraz, preferente mailan lehiatuko da datorren urtean.

Irabaztekoak galtzea, gakoa
Josu Tornay Arrasate Xake taldeko presidente eta jokalariak argi dauka zein izan den igo ez izanaren gakoa: denboraldian zehar aurkaketako lau puntuak eskuratzeko moduko jardunaldietan huts egitea, alegia.
Hala, Tornayk adierazi duenez, "bi jardunaldi eskas izan genituen jarraian eta orduan hartu zigun aurrea Eibarko taldeak". Eta behin aurrea hartuta, Eibar tinko mantendu da lehen postuan: "Erregulartasun handia erakutsi dute denboraldi osoan" dio Tornayk, "guk ez bezala". Arrasatearren presidenteak azaldu duenez, "indibidualki Gipuzkoako jokalari onenak gara, taldeko zazpi kideetatik sei nazioarteko sailkapenaren barruan gaude". Horren adierazle da Eibarko taldeak denboraldi osoan aurkaketa bakarra galdu duela: Arrasateko taldearen aurka.
Datorren urtean igoera are zailagoa izango da, gainera. Tornayk jakinarazitakoaren arabera, Euskal Herriko lehen mailatik jaitsiko diren hiru taldeak gipuzkoarrak dira: "Horrek asko zailduko du denboraldia", dio Tornayk.
Arrasateko beste xake taldeei dagokienez, mantendu egin dira bi taldeak. Hau da, bigarren  taldeak Gipuzkoako lehen mailan jokatuko du hurrengo urtean; eta hirugarren taldeak, berriz, Gipuzkoako bigarrren mailan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak