Des-Kontrol: "Honek ez dauka izenik; ondo prestatutako eraso bat izan da, oso argi zeukaten egin nahi zutena"

Iker Barandiaran 2010ko urt. 24a, 19:16
Egubakoitz gauean Arrasateko Des-Kontrol taldeko kideak Ospitalera eraman zituzten Barakaldon kontzertu aurretik ezezagun batzuek burdinezko barrekin erasotu ostean. Guztiak etxean daude, baina kolpe eta zauri handiak dituzte.

Taldekideek Asteleheneko Goienkaria-ri jakinarazi diotenez, orain dela bizpahiru aste ezezagun batzuek San Vicente auzoko jai batzordera jo zuten Des-Kontrol taldearen kontzertua bertan behera uzteko esanez. Antolatzaileak zalantzan egon ziren zer egin, baina, gerora, aurrera egitea erabaki zuten. Arrasatearrei ere galdetu zieten, eta hauek ere kontzertua egitearen alde agertu ziren.

Afaltzen zeudela, antolatzaile batek jakinarazi zien txosnagune inguruan 50 bat pertsona zain zituztela taldekoei kontra egiteko asmoz. “Ez genuen sinistu horrenbeste izango zirenik, eta are eta gutxiago gu erasotzeko asmotan etorriko zirenik. Bakarrik probokatzera etorri zirela pentsatu genuen”, azaldu ziguten arrasatearrek. “Txosnagunera joateko korridore antzeko baten aurkitu genituen eta han gutako bati zuzendu ziren. Berak ezer esan aurretik, atzetik burdin barra batekin buruan jo zuten eta lurrera ziplo jausi zen. Jarraian, besteoi gauza bera egin ziguten. 50 bat izango ziren, batzuk aurpegia estalita, burdinazko barrekin, botilekin, "ukabil amerikano"-ekin, ostikadak lurrean geundela... Oso azkarra izan zen guztia, eta badirudi oso ondo planifikatuta zutela guztia”. Euretako batzuk anbulantziak eraman zituen eta beste batzuk bere kabuz jo zuten ospitalera.

Des-Kontrolekoen esanetan, musikariak artatu zituzten osasun zerbitzuek ohartarazi zieten buruan jasotako kolpeetako asko min oso larria egiteko puntu zehatzetan izan zirela. "Taldekideetako batek zortzi puntu ditu buruan; beste batek lau puntu buruan eta mokorrean zauri handi bat; hirugarren batek bi puntu buruan, kolpea sudurrean eta ubeldurak begian eta atzamarretan; eta laugarrenak eskua apurtuta, zauriak lepoan eta belarrian eta kolpe ugari bizkarrean".

"Jendeak gertatutakoa jakitea nahi dugu, honek ez dauka izenik; eta laster erabakiko dugu eraso honen aurrean zer egin", azaldu zuten Des-Kontrol taldeko kideek.

Gai honen gaineko beste artikulu batzuk:

"Hipokrisi eta faxismoaren aurka"

Taldeak lan berezia egin zuen 2008an "Hipokrisia eta faxismoaren aurka" izenpean. Sei abestiko CDa grabatu zuten kolaborazio ugarirekin. Lan horren helburua zen batez ere Bilbo aldeko skinhead batzuen aldetik faxistak direnaren akusazioei eta boikot saiakerei erantzutea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak