Hondeaketa lan bereziak Zerrajerako etxeetan, lursailaren kutsaduragatik

Arritxu Barruso 2007ko aza. 15a, 12:15

Zerrajeran egingo dituzten babes ofizialeko etxebizitzen lursaila kutsatuta dagoela jakinarazi zuten azkeneko osoko bilkuran. Hori horrela, hondeaketa lan bereziak egin beharko dituzte. Honek atzerapenak eragingo ditu eraikitze lanetan. Baina Udaletik azaldu dute, oraingoz behintzat, atzerapen hori bi hilabete ingurukoa izango dela soilik.

IHOBEk, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, 2003an aztertu zuen Zerrajeran Caixak egingo dituen etxebizitzen lursaila, eta azterketa horien arabera lurrok ez zeuden kutsatuta. Lau urte pasa dira ordutik, eta lursailen kutsakortasuna zehazten duen legedia asko aldatu da. Hori horrela, Zerrajerako lursailetan egindako azken azterketek diote lurrak kutsatuta daudela.

Lur kutsatuak garbitzeko, hondeaketa lanak egin beharko dituzte orain. Hau da, lur kapak banan banan kendu beharko dituzte, kutsatu gabeko lur kapa bat aurkitu arte. Alkateak azaldu du, oraingoz behintzat, aurreikusitakoa kentzen ari direla, baina ikusi egin beharko dela zer gertatzen den kutsatu gabe dagoela uste duten kapara iristen direnean.

Pare bat hilabeteko atzerapena

Foment Inmobiliariak, etxeok eraiki behar dituen enpresak, Udalari eskatu dio bere gain har ditzala lurrak garbitzeko gastuak. Dena dela, Udalak IHOBEri diru laguntza eskatu dio, hasiera bateko azterketan kutsakortasun mailaren oniritzia eman zuena bera izan zelako. Ino Galparsorok esandakoaren arabera hitzez behintzat baiezkoa jaso dute IHOBEtik.

Horrek guztiak atzeratu egingo du etxebizitzak amaitzeko hasiera batean ezarritako data, baina Udaletik azaldu dute hasiera batean, behintzat, atzerapena ez dela handia izango.

Etxebizitzen zozketa, 2008ko abenduaren 15ean egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak