'Holidays in Bardulia' jaialdiak gaztetxea irauliko du aste bukaeran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko ots. 12a, 13:33
'Holidays in Bardulia' Gipuzkoako punk-oi! jaialdi handiena da eta aurten Arrasaten egingo du geldialdia. 2004ean Andoainen hasi zen abentura eta aurtengoa seigarren edizioa da dagoeneko. Guztira 13 taldek joko dute, lauk egubakoitzean –21:30etatik aurrera– eta bederatzik zapatuan –17:30etatik aurrera–. 13 taldeetatik zazpi debagoiendarrak dira. Zapaturako ez da sarrerarik gelditzen; egubakoitzean ez da sarrera arazorik izango.

Etxean egindako punk-oi!-a, formarik puruenean. Holidays in Bardulia Gipuzkoako punk-oi! mugimenduaren jaialdi handiena Arrasateko gaztetxean izango da. Egun bat eta gau bi, 13 talde eta hamar ordu iraungo dituen distortsio eta sentimenduz bustitako zuzeneko musika.

Izen berezia du jaialdiak. Nondik datorren? Sex Pistols taldearen Holidays in the Sun abestiaren izena hartu zuen musika jaialdi ospetsuan oinarritzen da; hori bai, jatorria bereiztuz. Barduliako doinuek –Bardulia sound– Bardulia dute jatorri, erdi aroan egun Gipuzkoa ingurua hartzen zuen lurraldea, hain zuzen.

 

Andoainetik Arrasatera

Aurten seigarren edizioa beteko du jaialdiak. Antolatzaileek adierazi dutenez, orain sei urte punk-oi!-a jorratzen zuten musika taldeen arteko harreman onak bultzatuta, "zerbait potoloa egitea" erabaki zuten, "aste bukaera baten, behintzat, denok elkartzeko". 2004ean Andoaingo gaztetxean abiatu zen abentura  eta ordutik Oñatin (2005), Azpeitian (2006), Añorgan (2007) eta Beasainen (2008) egin du geldialdia. Halako jaialdi bat antolatzeak badu lana, baina gogo onez egindako lanak emaitza onak eman ohi ditu: urtez urte hazten joan da Holidays in Bardulia, Gipuzkoako –eta Debagoieneko– punk-oi! mugimenduarekin batera. Jaialdia mugimendu horren isla baita, finean.

 

Taldeen aukeraketa

Gipuzkoan bakarrik dozenaka talde daude. Hortaz, Holidays in Bardulia antolatzen dutenentzat ez da lan erraza jaialdian parte hartuko duten taldeak aukeratzea. Hala, irizpideak ez dira finkoak, baina normalean talde esperientziadunak eta gazteak eta diskoa atera berri dutenak edo kontzertu dezente ematen ari diren taldeak aukeratzen dira.

Zapaturako sarrerak, agortuta

Gaztetxean 600 pertsona inguru sar daitezke gehienez. Bihar lepo beteko da, zapaturako sarrerak eguaztenean agortu ziren-eta. Gaurko kontzertuetarako, ordea, ez da sarrera arazorik izango.

 

Vomitoren itzulera

 

Aurten luxuzko gonbidatua izango du jaialdiak. 1980ko hamarkadako talde mitiko batek joko du, Vomito –hasieran Vomito Social– taldeak, hain zuzen. Bihar igoko dira taulara, eta atzerapen aipagarririk ez balego, afalordu inguruan joko dute. Hala, belaunaldi berrientzat ereserki bihurtu diren Al borde de la carretera, Soy una bomba (bertsio berria) edota Mirando al abismo moduko kantuek ikuslegoa erotuko dute. Egubakoitzean aurkeztu zuten euren itzulera, Donostian.

 

Egubakoitza, 13 (21:30etatik aurrera)
Plan B (Donostia)
Sospechosos (Oñati)
The Convicts (Arrasate)
Aggressive Combat (Arrasate)
 
Zapatua, 14 (17:30etatik aurrera)
N.P.J. (Donostia)
The Last Strength (Goierri eskualdea)
Deficiencia Mental (Azkoitia)
Friday's Crew (Azpeitia)
Neallta Fola (Aretxabaleta)
Vomito (Irun)
Material Rechazado (Arrasate)
Enboskada (Arrasate)
Doubling Boys (Bergara)

 

Taldeek goiko ordena berean joko dute; emanaldiak 45 minutukoak izango dira.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak