Holden Hernandez garaile Arrasate Hiria xake torneoan

Arritxu Barruso 2009ko aza. 15a, 21:28
Arrasate Hiria torneoko azken jardunaldia jokatu zen egubakoitz arratsaldean Arrasateko osoko bilkuren aretoan. Aurreikuspenak bete egin dira eta Holden Hernandez kubatarrak eskuratu du torneoaren garaipena.

Hernandezek Carlos Nava bilbotarra izan zuen egubakoitzean taularen beste aldean eta Navas garaituta ziurtatuta zeukan lehenengo postua; horixe izan zen, hain justu ere, gertatu zena. Kubatarrak peoi bateko aldea aprobetxatu zuen eta modu horretan bere alde ipini zuen partiduaren amaiera. Hori horrela, FIBE maisu bilbotarrak ez zuen ezer egiterik izan. Parituda irabazita Holden Hernandezek 6 puntutik 5,5 eskuratu zituen eta Arrasate Hiria torneoko garaipena berea zen; puntuazio horrekin berdin zen zer gertatzen zen gainontzeko tauletan. Carlos Navasek laugarren postua eskuratu zuen berdinketa hausteko lortutako koefiziente altuagatik.


Bigarren taulan zeuden Alejandro Franco eta Andoni Miguel aretxabaletarra. Madrildarra, Andoni Miguel menderatu arren, bost punturekin geratu zen; beraz, ezin izan du errepikatu 2006 eta 2008ko lehen postua eta bigarrenarekin konformatu behar izan da. Hirugarren postua Iñigo Argandoña nazioarteko maisu donostiarrarendako izan da, 4,5 punturekin, Alain Prieto abadiñoarrari irabazi ostean. Azken hau seigarren postuan geratu da aurten; ez da oso emaitza ona izan kontuan izanda 2007ko irabazle izan zela abadiñoarra.


Laugarren taulan, Fran Miguel aretxabaletarra larri ibili zen Montolioren aurrean; baina, azkenean ere, FIDE maisuak madrildarrari irabazi eta bosgarren postua lortu du. Ez hori bakarrik, debagoiendarren artean lehena izan da. Azkenik, seigarren taulan, Josu Tornay arrasatearrak Egoitz Irure azkoitiarra garaitu zuen eta modu horretan lortu zuen zortzigarren postua. Xakelari guztiek ere maila bikaina erakutsi zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak