Hitzaldi zikloa Arrasateko hiri-gutunaren 750. urteurrena dela-eta

Larraitz Zeberio Lekuona 2010eko apirilaren 14a

Arrasateko udalak bost hitzaldi antolatu ditu Arrasateko historian sakontzeko helburuarekin. Lehenengoa, 'Karta Pueblak 750 urte, ospatu edo ez ospatu?' izenburupean hilaren 21ean egingo dute.

1260. urtean jaso zuen Arrasatek hiri-gutuna Gaztelako erregearen eskutik. "Arrasate, baina, ez zen hiri-gutunaz sortu Lezetxikin eta Murugainen aurkitu diren aztarnek frogatzen duten moduan", adierazi du kultura zinegotzi Oihana Aranburuk. "Hiri-gutunaren urteurrena baliatuz, herriaren historian sakondu gura dugu eta hitzaldi zikloa antolatu dugu". Nabarralde elkarteak bi hitzaldi egingo ditu, lehena datorren eguaztenean. Ondotik etorriko dira Jose Antonio Azpiazurena, Ana Ugalderena eta Mertxe Urteagarena eta Toti Martinez de Lezea idazle ezagunarena. Arrasateko gaztelua eta Arrasateko erreketa aztertuko dituzte, besteak beste.

"Hor adibidez Goikobaluko gaztelua nafarra zela diote batzuk, beste batzuk berriz Gaztelakoa zela. Ikuspegi ezberdinak jaso nahi ditugu, eta horren inguruan hausnartzea da asmoa", esan du Aranburuk.

Ekitaldi gehiago aurreikusita

Bost hitzaldi sorta ekitaldien hasiera besterik ez da izango. Udalak herriko bi taldek egindako proposamenak jaso ditu. Bata, Doke antzerki taldearena. Jose Mari Velez de Mendizabalen testu baten oinarritutako antzerkia taularatzeko proposamena egin du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak