Anger, Los Cretinos, 5 twisters, Des-kontrol, Numen eta Ozen taldeetako kideek musikaz hitz egingo dute gaurko mahainguruan. Gaia egungo musika eta Arrasateko egoera izango da.
AEG gazteei zuzendutako ekimenak egin gura ditu eta, hala, musika aukeratu du haien arreta pizteko eta, bide batez, alor horretan euskararen erabilera bultzatzeko. Martxo osoan izango dira jardunaldiak. Horrela, hilaren 15ean Gotzon Hermosilla Bilboko kazetariak Ramones taldeari buruz egingo du berba eta 27an, berriz, Paddy Rekaldek The Clash taldea izango du hizpide. Bi hizlariek talde horiei buruz idatzitako liburuak aurkeztuko dituzte.
Beste mahainguru bat ere antolatu dute hilaren 22rako. Atzera jo eta Arrasateko punk eta Oi! musikaren gainean berriketan jardungo dute herriko hainbat musikari beteranok. Ekitaldi guztiak gaztetxean egingo dituzte, arratsaldeko 19:00etan.