Portaloira elkarteak antolatuta, haurren txokoak eta herri kirolen erakustaldiak bete zituzten hirugarren Elkartasun Eguneko lehenengo orduak. 13:00etan manifestazioari hasiera eman zitzaion eta plazatik abiatu eta herriko kaleetan barna, Monterroneraino heldu ziren.
Manifestazioa eta ekitaldia
Herriko preso politikoen argazkiez gain, hiru pankarta ere atera zituzten manifestazioan. Eguneko ekitaldi nagusia Monterron parkean egin zuten. Preso politikoek eta euren senideek jasaten dituzten gehiegizko zigor eta torturak salatu zituzten bertan, eta egunotan epaituak izaten ari diren Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideenganako elkartasun hitzak ere entzun ziren, presoen senideekiko egiten duten lana goraipatuz. Bazkari herrikoia egin zuten ondoren. Biteri plazan.
Kontzertuak arratsalde eta gauean
Arratsaldeko bostetan hasi ziren presoen aldeko Elkartasun Eguna zela eta Arrasateko hainbat tabernetan antolatutako kontzertuak. Ia hogei bat tabernetan, beste horrenbeste talde eta bakarlarik jo zuten, eta estilo guztietako doinuak entzun ziren: punka, 70. hamarkadako rocka, txarangak, doinu lasaiagoak... Aurten gainera, atzerritik etorritako talde batek ere jo zuen, Bordeleko Cri D’Alerte taldeak hain zuzen ere.
Lau talde Monterronen
Antolatzaileak gustura zeuden, izan ere, iaz ez bezala aurten eguraldia lagun, Monterronen egin ahal izan zituzten gaueko kontzertuak eta 1000 ikusle inguru hurbildu ziren bertara
Taula gainean aritzen lehenak bi talde arrasatear izan ziren: lehenengo The 5 Twisters eta gero Never Surrender.
Peter & The Test Tube Babiestaldeko ingelesen txanda izan zen ondoren. 70. hamarkada amaierako punka lantzen dute hauek eta euren abesti ezagunenak eta beste hainbat talderen bertsioak eskaini zituzten, sasoi eta umore ona erakutsiz.
Frontkick punk-rock melodikoagoa lantzen duten berlindarrek eman zien amaiera emanaldi sortari, eta euren abestiek aise asko ase zuten bertaratu ziren gazte eta helduxeagoen gosea.