Hiru lagun atxilotu dituzte txanpon-makina bat manipulatu eta lapurreta egiteagatik

Usoa Agirre 2008ko uztailaren 9a

Ertzainek hiru gizonezko atxilotu zituzten astelehen arratsaldean, ustez Arrasateko taberna bateko txanpon-makina bat manipulatu eta bertako dirua ostearren. Lapurretaren egileek metalezko alanbre bat erabili zuten mekanismoa manipulatzeko eta, horrela, makina barruko txanponak ateratzeko. Ertzaintzaren arabera, atxilotuetako batek 3.000 euro baino gehiago zeramatzan.

Astelehenean 19:00ak aldera jazo zen gertaera, Arrasateko erdiguneko taberna batean. Ordu horretan, hainbat lagun taberna horretako txanpon-makina bat manipulatzen ari zirela jakin zuen Ertzaintzak.

Tokira bertaratu ziren ertzainek lapurretako bat identifikatu zuten tabernatik irteten ari zenean eta gauza bera egin zuten makina erabiltzen jarraitzen zuten beste bi lagunekin.

Identifikazioa egiten zuten bitartean, txanpon-makinan dirua sartzeko zirrikituan metalezko alanbre bat aurkitu zuten. Tresna horren bidez, mekanismoa manipulatzen zuten lapurretaren egileek eta txanpon-makinaren kutxatik txanponak ateratzen zituzten. Ustezko egileetako batek 3.000 euro baino gehiago zeramatzala ikusi zuten ertzainek, batez ere txanponetan.

Identifikatutako hiru gizonak atxilotu zituzten (txinatarrak guztiak, 27 eta 30 urte bitartekoak), indarkeriaz egindako lapurreta delitua egotzita. Polizia eginbideak bukatutakoan epailearen esku utzi zituzten atxilotuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak