Hiru aste barru, Arrasateko saihesbide berria zabalik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010ko eka. 15a, 13:02
Amaitzear dira Arrasatetik Aramaiorako eta Aramaiotik Arrasaterako auto ilarak, amaitzear lanera joateko eta lanetik bueltatzeko auto barruko haserrealdiak. Izan ere, laster zabalduko dute Mendebaldeko saihesbidea, hau da, Arrasateko herri barruko eta periferiako zirkulazioa nabarmen baretuko duen Olandixoko tunela.

Tunelak Arrasate eta Aretxabaleta arteko errepide zaharra eta Aramaiora bidean doan errepidea lotuko ditu, Arrasatera sartu beharra saihestuz. Hainbat herritar daude tunela noiz zabalduko den zain.

2008ko ekainean hasi zituzten obrak eta Aldundiak lanok 2010eko uztailaren 7an amaitzea agindu zuen. Bada, obrak zuzentzen ari den Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren  agentziak aditzera eman duenez, ekaineko azken astean edo uztaileko lehen egunetan amaituko dituzte obrak. Beraz, epeak bete egingo dira, eta halako obra handietan salbuespena da hori: "Obra handia izan da, eta oraingoz zehaztutako epean doa dena, lanak ondo joan diren seinale", adierazi dute.

Biribilgunea, azken erronka

Tunela zulatuta eta eginda dago, eta bertako instalazioa egitea amaitzear dago. Obra osoan zehar, oro har, azken erremateak falta dira. Baina bada oraindik egiteke dauden lan aipagarriak: Mugarri parean–gasolindegi ondoan– egingo den biribilgunea batez ere. Finean,  biribilgunea eta lotunea asfaltatzea eta behar den moduan egokitzea da azken erronka.

Horretarako, 100 langile inguru dabiltza lanean, jo eta ke, hiru txandatan eta aste bukaeretan ere bai. Obren faseen araberakoa izan da langile kopurua. Izan ere, Bidegitik adierazi dutenez, "obra oso garrantzitsua" da eta "orain bertan" langile asko behar dira.

Autopisten antzeko gastua

Olandixoko tunela proiektu garrantzitsua dela ez dago zalantzarik: 40 milioi euro inguruko inbertsioa izan da, hau da, kilometro bakoitzeko 20 milioi inguru. Bi kilometro eskaseko saihesbidea izango da eta aurrekontuaren zati handiena, 860 metro luze izango dituen tunelean gastatu da. Aurrekontu hori, Bidegiren arabera, autopistak egiteko erabiltzen den aurrekontutik gertu dabil.

Hala ere, ez da garrantzitsuena saihesbidea egiteak zenbat kostatu duen, garrantzitsuagoa da jakitea tunelaren irekierak Arrasateko zirkulazioa noraino baretuko duen: Aldundiaren kalkuluen arabera, San Andres auzoan 11.000 ibilgailu ibiltzen dira egunero. Bada, Bidegik uste du ibilgailu kopuru horretatik "gehienek" Olandixoko tunela erabiliko dutela. Bereziki Aramaiotik Arrasaterako bidean, Markuleteko industrialdean, "segurtasunean eta bizkortasunean" irabaziko dugu, Bidegik aditzera eman duenez.

Lurjausia, arazo handiena

Obrek iraun duten bi urteotako ezusteen artean, Aretxabaletarako bidean egon ziren lurjausi txikiak nabarmendu ditu Bidegik: "Ez zen obrek eragindako lurjausia izan, baina atzerapena eragin zuen lanetan".

Horrez gain, Mugarriko biribilguneari edukiera gehiago eman diote, hasierako proiektua aldatuz. Edozelan ere, lanak "oro har, martxa onean" joan direla azaldu du Bidegik. Arazoak, baina, izan daitezke oraindik. Eta arazo posible horien artean, eguraldia izan ohi da errepideetako lanak atzeratzen dituen lehen faktorea; Bidegik argi azaldu du: "Ez da berdina neguan edo udan lan egitea, eta batez ere, asfaltatze-lanak eguraldi txarrarekin egiteak asko zailtzen du lana".

Gainera, eraikuntzaren sektoreak greba deitu du ekainaren 16rako eta Bidegik dio inork ez dakiela nola eragingo duen: "Egoerak ez du grebara gonbidatzen, baina kontuan izan behar da greba egitea eskubide bat dela. Ez dakigu greba egingo denik ere, azken orduan hainbat greba bertan behera gelditzen direlako; eta egiten bada ere, ez dakigu nolako jarraipena izango duen, ezta noiz arte iraungo duen ere" esan dute Bidegitik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak