Tentsio handia, Herriko Plazan

Iker Barandiaran 2009ko irailaren 26a

Etxeratek hilabeteko azken egubakoitzean presoen eskubideen alde egiten du kontzentrazioa. Baina, azken orduko Audientzia Nazionalaren erabakiak jomugan jarri zuen Arrasateko ohiko kontzentrazioa, ertzain eta komunikabide ugari batuz. Hala, Herriko Plazan egiten zebilen Nobenaixuan tentsio handia izan zen.

Atzo eguerdian Audientzia Nazionalak Etxeraten Arrasateko ohiko kontzentrazioa galerazi ondoren, zalantza asko zeuden airean.

Hala, 19:00etan, Herriko Plaza familiaz, umez eta bestelako herritarrez beteta zegoenean, Ertzaintza furgonetak heltzen hasi ziren kontzentrazioa galerazteko eta bide batez plaza ia hustea lortu zuten.

Justu, handik gertu, San Juan Bataiatzailearen parrokia azpian Maritxu Kajoiko nobenaixue ospatzen zebiltzan eta Ertzaintzak han zeudenak inguratu egin zituen. Batzuek Euskal presoak Euskal Herrira lelodun zapiak erakutsi zituzten. Hala, jarraian, Ertzaintzak bi herritar identifikatu egin zituen eta hainbati porrazoak eman zizkieten. Hainbat herritarrek kantuan erantzun zieten ertzainei eta presoen aldeko aldarrikapena egin zuten.

Herriko Plazaraino komunikabide ugari hurbildu ziren gertatuko zenaren berri ematera; eta batzuek iluntzean azaldu zuten Arrasateko Herriko Plazan "presoen aldekoek txosna jarri zutela". Ez zutena jakin da Maritxu Kajoiko Nobenaixue zela eta urtero egin ohi duten moduan jaiaren berri emateaz gain, hainbat herritarri ohorezko enbutua eman zietela.

Herritar talde batek prentsaurrekoa deitu du gaur eguerdirako, atzoko gertaerak salatzeko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak