Hezkuntza sistema propioa eskatzeko ekimena Arrasaten abiatu dute

Euskal Herriak Bere Eskolak (EHBE) Arrasate aukeratu zuen, egubakoitzean, 'Herriz herri, egunez egun, urratsez urrats...' Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitzen lelopean maiatzaren 31ra bitartean iraungo duen dinamika aurkezteko.

Helburua da hezkuntza sistena nazionalaren aldeko aldarrikapena agerian uztea eta egindako lana erakustea. "Mundu globalizatu honetan bizirik irauteko herri guztiek behar dute hezkuntza sistema propioa. Zoritxarrez, euskaldunok, ez daukagu eta ekimenaren bidez hezkuntza sistema propioa aldarrikatu nahi dugu herriz herri", azaldu digu EHBEko kide Ibai Redondok.

Herria eta hezkuntza urruti

Hezkuntza sistema propioaren beharra azaltzeko Ibai Redondok dio: "Hezkuntza sistema bat eraikitzea guztion onerako da hizkuntza berreskuratzeko, kultura bultzatzeko eta ekonomiaren eta gizartearen garapenerako. Herria eta hezkuntza elkarrengandik urruti ikusten ditugu eta horrek zaildu egiten du gure aldarrikapenak lortzea. Nahi dugu herria eta ikastetxeak gerturatzea".

Euskal Herrian hainbat taldek dihardu hezkuntza sistena nazionalaren alde lanean eta EHBEk guztiak elkartzeko eta indartzeko beharra ikusi du. "Hezkuntza sistema propioaren aldeko aldarrikapena herritarra den aldetik bat egin dute ikasleek, langileek, ikastetxeek… Askotan aldarrikapena eta lana norberak bere esparruan egiten zuela eta hezkuntza mugimendu indartsua lortzeko elkarlanerako beharra zegoela ikusita, EHBE sortu zen. Saiatzen gara eragileak harremanetan jartzen eta ahal den neurrian pausuak elkarrekin ematen", dio Ibai Redondok.

Eragileak bateratzeko beharra

Aldarrikapen horiek aireratzeko dinamika soziala abiarazi du gurean EHBEk. Kulturaten herritarrendako aurkezpen irekia egin zuten ikastoletan, ikastetxe publikoetan, ikasle zein langile mugimenduan lanean diharduten eragileek eta EHBEn lanean diharduteneek eta jardundakoek.
Arrasateko aurkezpenaren ostean, ibarrean izan dira aste bukaeran dinamika horrekin  bat egin duten beste bi herri ere: Aretxabaleta eta Bergara. Arrasaten bertan zapatuan erakusketa, Hainbat taldearen kontzertua eta trikipoteoa izan ziren.

Aretxabaletan ere ikusgai izan zen frankismo garaitik gaur egunera arte hezkuntza sistema nazionala eraikitzeko eman diren urratsak panelen bidez azaltzen duen erakusketa. Horretaz gain, zapatuan kalejira egin zuten gaita joleekin, baita argazkia atera ere, beste herrietan bezala. "Badakigu herritar askok egin duela lan eskoletan euskararen eta euskal curriculumaren alde eta nahi dugu argazkien bitartez herritarren atxikimendua irudikatzea", azaldu digu Redondok.
Bergaran, egun osoan barrena egin ziren ekitaldiek arrakasta izan zuten. Goizean Jose Luis Elkorok hitzaldia egin zuen; arratsaldean ume mordoa ibili zen jolasetan eta iluntzeko ekitaldiaren ondoren, Pol-Pol taberna gainezka egon zen Emonen kontzertuan.

Dinamika ibarrean abiarazi ostean, oraindik "egiteko dezente" dagoela dio Redondok: "Gure egiteko nagusia aldarrikapena da eta indar sozialak biltzea hezkuntza sistema hori eraikitzeko. Azken urteotan pausu handiak ematen dihardugu, esaterako, euskal unibertsitatearen proiektua, euskal curriculuma... Beste erronka handi bat, da Euskal Herriko ikasle guztiak euskalduntzea".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.