Herriko garaje rocka eta New Jerseyko rock oldarkorra aste bukaeran

Jokin Bereziartua Lizarazu 2009ko uzt. 9a, 18:29
Musikak ez du etenik izango aste bukaera honetan. Egubakoitzean Los Cretinos laukote arrasatearrak Etxoste tabernan joko du; zapatuan Dirty Acoustic Brothers taldeak joko du arratsaldean Taupa taberna kanpoan, eta gauean New Jerseyko Hudson Falcons gaztetxean izango da.

3.60 aretoaren itxierak Arrasateko musika eskaintzan eragina izango duela ezin da ukatu. Itxierak, baina, ez du esan nahi arrasatearrak zuzeneko musika barik geratuko direnik. Aste bukaera honetan bertan bi kontzertu interesgarri izango dira: Los Cretinos laukotearena, eta New Jerseyko Hudson Falcons taldearena.

Tabernako giroan gustura
Esan moduan, Los Cretinos taldeak Etxoste tabernan joko du egubakoitzean (20:00). Garaje rocka egiten dute, eta taberna giroan kontzertu izerditsuak ematea maite duen taldea da. Euskal Herriko txoko ezberdinetan zein atzerrian eskaini dituzte euren crazy party-ak. Londresen, esaterako, behin baino gehiagotan izan dira. Azken hilabeteotan baxu jole berri batekin dihardute, Jon Zabaletarekin, hain zuzen.
Bestalde, Arrasateko Dirty Acoustic Brothers taldeak ere kontzertua eskainiko du zapatuan Taupa tabernaren kanpoaldean (19:00). Punk-oi! ereserkien bertsio akustikoak egingo dituzte.

Arrasate gustuko duen taldea
Eta azkenik, zapatu gauean Arrasate oso gustuko duen Hudson Falcons taldeak eskainiko du emanaldia gaztetxean (22:30). Esperientzia handiko taldea da, eta rock oldarkorra egiten dute, punk ukitu nabarmenekin. Taldeko gidari Mark Linskeyrekin ikuskizuna bermatuta dago; haren ahots urratua eta gitarra jotzeko era dira taldearen zeinu bereizgarria. Talde amerikarraren aurretik diskoa atera berri duten Azpeitiko Friday's Crew taldeak joko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak