Herriko dantza taldeen sortzaileak, Nobenaixoko protagonista nagusiak

Txomin Madina Milikua 2008ko irailaren 27a

Marga Merkader eta Ixiar eta Xeli Arregik Maritxutako Komisiñuaren eskutik “inbutu preziatuak” jaso zituzten herrigintzaren alde egindako lan guztiarengatik

2008ko Maritxu Kajoirako ez da ezer geratzen, eta datorren egubakoitzera begira herriko giroa berotzen hasteko, urtero bezala egun bakarra irauten duen Nobenaixo berezia antolatu zuen Maritxutako Komisiñuek.

Gazte zein nagusi, asko eta asko izan ziren giro freskoari aurre eginaz plazan dagoen Maritxu Kajoiren irudiaren azpian elkartu ziren arrasatearrak. Komisiñoko kideek,aurretik agindu zuten bezala, Arabako errioxar ardoa eta gazta banatu zituzten  doan bertaratu ziren guztiendako.

Dantza irakasleei omenaldia

Baina zalantzarik gabe ekitaldiko unerik hunkigarrienak eta beroenak Marga Merkaderri eta Ixiar eta Xeli Arregi ahizpei egindako omenaldian bizi izan ziren. Euskal dantzen irakasleak hirurak ere, bere garaian herriko dantza taldeen bultzatzaileak izan ziren: Arregi ahizpek Lore Gazteak taldea sortu zuten 1960ko hamarkadan, eta Marga Merkader Txikitxu, gero Arrostaitz bihurtu zen dantza taldearen sustatzailea izan zen 1970ko hamarkadan. Maritxutako Komisiñokoek azaldu zutenez, herrigintzaren eta kulturgintzaren alde egindako lanagatik omendu gura izan zituzten hiru emakumeak. Omenduetako bakoitzak, “inbutu preziatu’’ jaso zuen eta horren ostean, Margaren alaba Nereak eta Xeli eta Ixiarren iloba Gorkak ohorezko aurreskua dantzatu zieten.

Ixiar Arregi oso pozik zegoen omenaldiaren ostean, azaldu zuenez, ez zuen-eta halakorik espero. Argi utzi gura izan zuen, bai lehen eta baita orain ere dantza taldeen inguruan mugitzen diren guztien laguntza gabe, euren lanak ezer gutxi balioko zukeela, eta horregatik, eskerrak eman gura izan zizkien guztiei.

Miraria, sekretu

Komisiñokuei Maritxu Kajoiren aurtengo mirari  buruz galdetuta, ez zuten ezer aurreratu gura izan baina esan zuten urteroko mirarik ez dela faltako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak