Herriaren esker ona hunkiturik jaso zuten lau baserritar omenduek

Jasone Zabala 2008ko azaroaren 9a

Atzo herriko baserritarrek azoka egin zuten bertako produktuekin Seber Altube plazan. Aurtengoak baina, momentu hunkigarri bat izan du. Urtetan, gazte-gaztetatik azoka plazara baserriko barazki eta janari freskoak ekartzen eta herritarrei modu tradizionalean erosteko aukera ematen ari diren lau emakumeri esker on adierazpen bat egin ziotelako Udalaren partetik. Oroigarri bat eman zioten bakoitzari eta ondoren, Iñaki Apalategik eta Beñat Gaztelumendik bertsoak abestu zizkieten laurei.

 

Urte mordo bat lanean

Esker ona jaso zutenetako bat Ikutixo baserriko Maria Arana izan zen; bera zapatuko azokan produktuak saltzen egon zen. Esan zuen egun berezia izan zela atzokoa. "57 urte daramatzat produktuak saltzen azoka plazan, zortzi urte nituenetik", adierazi zigun; "semeek uzteko esaten didaten arren, ahal dudan arte hemen jarraituko dut", jarraitu zuen. Bidasoro-ko Kontxita Berezibar izan zen beste omenduetako bat. Berak adierazi zuen, eskertzekoa dela hainbeste urtetan azoka plazara joaten aritu ondoren esker ona jasotzea. "10 urterekin hasi nintzen plazan saltzen, eta badira 60 urte lan honetan gustura ari naizela, eta ahal dudanera arte behintzat jarraitu egingo dut", esan zuen berak. Hirugarren omendua, Artazubiaga-ko Dominga Galdos izan zen. "Zortzi urte nituenetik ari naiz azokan produktuak saltzen; urte asko pasa dira baina halaxe jarraituko dut osasunak laguntzen didan bitartean. Eskertzekoa da gutaz gogoratu izana". Laugarren omendua, Artia baserriko Gregori Markaide izan zen. Bera ere oso pozik azaldu zen jasotako esker oneko ekitaldiaz, eta adierazi zuen "gerra denboratik ari naiz azokan, 15 urte nituenetik. Dagoeneko 70 urte dira. Orain produktu gutxiagorekin joaten naiz azokara baina hasierako ilusioarekin".

Produktu freskoak, barietate handia eta salmenta onak izan ziren nagusi

Atzoko azokan 10 saltzaile inguru egon ziren beraien produktuekin 09:00etatik 14:00ak arte. Denetarik egon zen saltzeko: Ogia, barazkiak, txorizoak, loreak, sagarrak, azak.... Giroa polita izan zen goizean goizetik eta eguraldiak ere lagundu zuen lehen ordutik.
Produktuak saltzen egon zen saltzaileetako bat, Askasibar baserriko Rakel Perez de Arenaza izan zen. Azokan dagoen lehen urtea da aurtengoa, eta pozik azaldu zen erosleen aldetik jasotako erantzunarekin. "Lehen esperientzia hau polita izaten ari da; nik baserri mundu hau gainera oso gustuko dut: produktua saltzea, bezeroekin harremanetan egotean...". Omendutakoei buruz ere eman zuen bere iritzia, eta adierazi zuen merezitako esker ona jasoko dutela lau baserritarrek, urte askotan zehar ari direlako beraien produktuak arrasatearrei saltzen, nahiz eguraldi ona edo txarra egin. Azokara hurbildutako erosleek ere beraien iritzia eman zuten. Horrela, Roke Larrañaga arrasatearrak esan zuen: "Baserriko produktuetan oso aditua ez naizen arren, gauza fresko ugari ikusi ditut. Postu ezberdinak ikusten ari naiz. Dagoeneko baina, erosi ditut txorizo batzuk", adierazi zigun berak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak