Iaztik datorren ekimena
Hirigintza sailak adierazitakoaren arabera, 2006ko irailean abiarazi zuen Udalak ekimena, eta urte bereko urrian adjudikatu zuen proiektua idaztea, Bizgorre S.L. enpresari. Enpresa horrek aurkeztu du plan berria, eta joan den asteko gobernuaren batzarrean onespena jaso zuen.
Arrasateko Udalak lehenagotik ere bazuen irisgarritasun plana –hau da, zailtasunak dituztenei begira, herriko gune publikoak egokitzeko plana–, baina hura zaharkitua geratu zen. Horrez gainera, Eusko Jaurlaritzak lege berria ere sortu du, irisgarritasunaren gainekoa. Hori guztia kontuan hartuta erabaki zuen iaz Udalak plan berria egitea.
Gabezien azterketa
Hirigintza sailak jakinarazitakoaren arabera, plan hori egiteko aztertu dituzte zeintzuk diren Arrasatek gaur egun dituen gabeziak irisgarritasun arloan. Oso plan zehatza dela adierazi dute, xehetasun handiarekin egindakoa. Bestelakoen artean, Arrasateko 292 kale-zatitan, espaloi, aldapa, zebrabide, jolasgune, seinalizazio, arketa, farola, autobus geltoki eta abar aztertu dituzte. Eraikin publikoen egoera ere begiratu dute –udaletxea, kiroldegia, kultura etxea, Amaia antzokia, erretiratuen egoitzak, gazte txokoak….
Diru gehien, kaleetarako
Behin gabeziak zehaztu ondoren, haiek konpontzeko obrak egingo ditu Udalak; baina, orain arte egin duen moduan, zatika joango da egiten egokitzapen lan horiek, eta lehentasunak zehaztuko ditu horretarako.
Guztira, datozen lau urteotan 25.709.432,13 euroko inbertsioa egin beharra dagoela ikusten du Udalak. Hortik, kopururik handiena kalean lanak egiteko erabiliko dute: 22.730.660 euro; beste 2.854.856 euro, eraikin publikoetan berrikuntzak egiteko, eta 63.363 euro garraio publikoan inbertituko ditu.