Herri kontsulta sinbolikoa egin zuten zapatuan Arrasateko plazan

Monika Belastegi Aranzabal 2006ko abe. 4a, 09:55
Autodeteminazioaren kanpainaren barruan beste ekitaldi bat egin zuen ezker abertzaleak zapatuan Arrasaten; herri kontsulta sinbolikoa, hain justu ere. Han batutakoek azaldu zutenez, azken garaian "gai potoloak daude arrasatearron ahotan. Gure bizimoduan garrantzia handia duten gaiak dira, gure bizimodua alda ditzaketenak eta guztioi dagokigu erabakitzea horietako proiektu bakoitza nahi dugun ala ez".

Kontsulta sinbolikoan lau galderari erantzuteko eskatu zieten plazan egokitutako mahaira hurbildu zirenei, orritxoak beteta: Udalatxeko harrobia, Abiadura Handiko Trena, komertzio gunea eta Gelmako etxeen gainean, hain justu ere.

Proiektu parte-hartzailea

Proiektu parte-hartzailearen alde daudela esan zuten ekimenaren bultzatzaileek eta horrekin batera, partehartzea bultzatuko duen udaletxea nahi dutela; baita "horretarako mekanismoak jarriko dituena" ere.

Adierazpenok udaletxea bizkarrean zituztela egin zituzten, eta ez kasualitatez, eurak azaldu bezala: "Udaletxea bizkarrean izatea ez da kasualitatea izan. Izan ere, gaur egun han dauden alderdi politiko guztiek bizkarra eman diote herri honen zati handi bati apartheid egoera onartuta". Baina horren ondotik,  mezu garbia ere bidali nahi izan zieten herritarrei: "Ez  ziguten utzi, baina utzi beharko digute. Ez gaude, baina egongo gara", gaineratu zuten Arrasateko plazan batutakoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak