Helduen Heziketa Iraunkorrekoendako lokal berriak eta beste, gobernuaren arratsaldeko batzarrean

Ubane Madera 2010ko ira. 13a, 13:36
Arrasate pasealekuko, lehengo IMIren egoitzako lokal batzuk egokitu egin behar dituzte EPAkoek erabil ditzaten, eta gaur lokal horiek birmoldatzeko proiektua onartzeko proposamena aztertuko du Udal gobernuak. Bestalde, Bedoña bideko biribilgunea eta Garagartzakoa ere berbagai izango ditu.

Gaur Helduen Heziketarendako lokalen proiektua onartzen badute, obren lizitazio prozesua abiarazi ahal izango dute laster. Eta horren ostean hasi ahal izango dira birmoldaketa lanak egiten. EPAko erabiltzaile eta arduradunek asko eskertuko dute hori, badira-eta zortzi bat urte lokal berrien beharra helarazi ziotela Arrasateko Udalari. 

Puntu horrez gainera, hirigintzarekin lotutako gai mordoxka izango ditu mahai gainean Udal gobernuak. Batetik, Gazteluondo eta Arrasate pasealekua lotzeko bide berriarekin lotuta, lursailak desjabetzeko espedientea abiaraziko dute.

Bedoñarako bidearen proiektua ere aztergai izango du gobernuak. Kasu honetan, baina, Arrasateko Udalak proiektu horri aurkeztu dizkion alegazioen gainean jarduteko.

Bidegurutzea berrantolatu

Hain justu, Takoloko biribilgunetik gora 100 metro eginda dagoen bidegurutzea behar bezala antolatzeko eskatu dio Arrasateko Udalak Gipuzkoako Diputazioari; Udaleko Hirigintza Sailetik uste dute irtenbidea biribilgunea egitea izango dela; dena den, hori Diputazioak zehaztu beharo du. Eskaera horrekin batera, Takolorainoko errepide zatia konpontzeko ere eskatu dio.

Garagartzako biribilgunea

Beste biribilgune bat ere, kasu honetan, Garagartzakoa berbagai izango dute gaur arratsaldeko batzarrean. Biribilgune hori Fagor Garagartzaren kontura eraikiko dute. Baldintza edo karga urbanistiko hori ipini zion Arrasateko Udalak Fagorri, Garagartzako lantegia handitzeko baimena ematearren.

Biribilgune horren helburua da fabrikarako, Garagartzarako zein Aramaiorako zirkulazioa bideratzea. Eta gaur egingo dutena da proiektua eguneratu eta obren zuzendaritza lanak adjudikatu.

Altzheimer eguna Arrasaten

Eta bestelako kontuen artean, oraingo domekan Arrasaten Altzheimer eguna antolatu dute. Euskadi osoko jaia da, eta jakina, Arrasaten antolatzen duten lehen aldia. Bada egun hori antolatzeko laguntza eskaera ere izango du mahai gainean Udal gobernuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak