Gaitasun fisikoak mantentzeko programa bat jarraitu nahi dutenek bi sesio izango dituzte astean, neurologian espezializatutako fisioterapeuta baten zuzendaritzapean. Hemiplegia duten pertsonak, aulki gurpilduna erabiltzen dutenak edo ibiltzeko zailtasuna dutenak, izango dira programaren erabiltzaile.
Aurreikusitako beste programa bat teknologia berrien ingurukoa da; psikologo batek emango du programa hori. Ordenagailuak, Internet, posta elektronikoa, telefono mugikorretako erabilgarriak eta agenda elektronikoak izango dira programaren edukietako batzuk. Halaber, komunikatzeko zailtasunak dituzten pertsonek komunikatzaileen inguruko aholkularitza izango dute.
Hirugarren programa aisiari eta kirol moldatuari buruzkoa da. Programaren arduraduna aisialdiko begirale bat izango da. Petanka, boccia, zine-foruma, eskulanak eta mahai-jokoak izango dira jarduera batzuk.
Hiru programak talde txikietan egingo dira, hiru eta sei lagunekoak, eta astean bitan. Eguneko zentroaren egoitzan bertan egingo dira: Azoka kalea, 4, Arrasate. Interesatuek Udaleko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetara jo dezakete edo 943 79 28 07 telefonora deitu.