Hauteskundeetan lanean jardungo dutenak aukeratuta

Ubane Madera 2008ko ots. 12a, 13:53
Zozkatu dituzte martxoko hauteskundeetan bozkalekuetan jardun beharko duten herritarren izenak. Atzo egin zuen udalbatzarrak osoko bilkura berezia hori egiteko. Eta dagoeneko gertu dituzte lan egitea tokatu zaien herritarrei bidaltzeko jakinarazpenak. Egunotan banatuko dituzte, udaltzainen bitartez.

Arrasaten, 33 hauteskunde-mahai izango dira, sei bozkalekutan banatuta: horietako 10 izango dira Ferixalekuan, lau Santamainako Toki Argin, beste lau Musakolako San Antolinen, sei San Andresko Bedoñaben, beste sei Erguinen eta azken hirurak Jokin Zaitegin.

Mahai bakoitzerako behar dituzte presidente bana eta bina bokal, eta jakina, haiendako ordezkoak; guztira, 9 lagun. Horrenbestez, atzo 297 herritarren izenak zozkatu zituzten.

Erreklamazioak

Pertsona horietakoren batek martxoaren 9an lanik ezingo balu egin, astebete inguru dauka erreklamazioa aurkezteko. Bergarako Hauteskunde Batzordean egin behar du hori. Edozelan ere, Bergararaino joan gura ez duenak, Biztanleen Arreta Zerbitzuan emango diote behar dituen instantzia guztiak erreklamazioak egiteko.

Erreklamazioen artean, Hauteskunde Batzordeak bakarrik aintzat hartuko ditu lan edo osasun arazoak dituztenek aurkeztutakoak. Eta baita laneko bidaiaren bat dutenenak eta bitxikeria moduan, baita ere, ezkontza bidaia dutenenak.

Joan ezean, zigorra

Gainerakoek martxoaren 9an 08:00ak puntuan egon beharko dute bozkalekuetan. Agertzen ez dena zigortu egingo dute; hain zuzen ere, 14-30 egunez askatasuna kendu egingo diote eta 2 eta 10 hilabete arteko isuna ipiniko diote.

Aldiz, lanera doazenek, 60 euroko ordainsaria kobratuko dute, maiatzeko hauteskundeetan baino zazpi euro inguru gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak