Aurtengo jenerala, Julen Larrañaga, zaldi gainean buru zutela 300 bat neska mutikok Arrasateko kaleak hartu zituzten zapatu arratsaldean. 11 konpainiatan banatuta, denetarik ikusi ahal izan zituzten ibilbide guztian zehar danborrada jarraitu zuten senide, lagun eta herritarrek: soldaduak, eskoziar erara jantzitakoak, kupela jotzen zutenak, gomazko oilaskoak zeramatzaten sukaldariak...
Danborrada ixten, Oilo-Enea izeneko karroza joan zen: txikienak zeuden bertan, baserritar jantzita eta danborrada ikusten zeudenei gozokiak jaurtitzen. Arrasate Musikaleko kideak arduratu ziren danborradari musika jartzeaz
Hilabete entseatzen
23 urte bete ditu aurten Arrasateko haurren danborradak, eta azken 17 urteetan bezala SUDC elkartea arduratu da berau prestatzeaz.
Juan Luis Arkauz elkarteko kideak azaldu zuenez, maiatza erdi inguruan hasi zituzten haurrekin entseguak, eta zapatu goizean bertan, entsegu orokorra egin zuten. Iaz bezala, plastikozko danbor joleen konpainia bat ere atera gura izan dute aurten: txikienek osatzen dute konpainia hau, eta Arkauzen hitzetan, gaztetxoenen artean danborradarako grina sortzea da helburua.
Haurrak, gustura
Eguneko protagonistak, zalantzarik gabe, haurrak izan ziren. Pozik zebiltzan denak ere, eta eguzkiak momentu batzutan gogor jo arren, antolakuntzakoak fin ibili ziren ibilbidean zehar ura banatzen. Asko entseatu zuten galdetuta, etxean Sarriegiren martxa jarrita bere saioak egin zituela aitortu zuenik ere egon zen.