Haurdunaldirako segurtasun uhala: harrera bikaina izan du

Goiatz Arana Begiristain 2007ko urtarrilaren 10a

Urtea beteko da laster Arrasateko Udaltzaingoa haurdun dauden emakumeentzako segurtasun uhal berezia maileguan ematen hasi zenetik. Egitasmoak harrera bikaina izan du: 10 hilabetetan 50 bat emakumek erabili dute.

Haurdunaldirako segurtasun uhal berezia dohain eskuratzeko aukera da Arrasateko Udaltzaingoak eskaintzen duena. Uhala jasotzen den unean 40 euroko fidantza ordaindu behar da baina, galtzen edo apurtzen ez bada uhal bera itzultzerako orduan diru kopuru hori ere bueltatu egiten da. Arrasaten indarrean dagoen Bide Hezkuntzako Planaren barruan kokatzen da ekimena eta plan hori bera beste 16 herritan ere badutela kontuan izanik, litekeena da Arrasate ez izatea egitasmo hau aurrera daraman herri bakarra, baina Zigor udaltzainak ez du besterik ezagutzen. Arrasaten erroldatua egotea eta, noski, haurdun egotea dira bete beharreko baldintza bakarrak. Amak sabel barruan daraman umekia babestea da helburua.


Ohiko segurtasun uhala erabiltzera behartuta daude famili esperantzan dauden emakumeak, eta harekin sor daitezkeen arazoak saiheste aldera erabiltzen da bigarren hau. Hori bai, ez da derrigorrezkoa.
Arrasaten pasa den urteko martxoan ekin zioten horrelakoak maileguan emateari, eta ekimenak harrera bikaina izan du. Horregatik, gehiago erosi dituzte orain.

Interesatuek IMI-n eskura dezakete, 13:00etik 14:00etara bitartean. Denak maileguan utzita badaude, itxaron zerrendan eman dezakete izena. Dendetan 35 eta 45 euro bitartean ordainduta eros daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak